Azken lau hamarkadetan asko ikertu da bigarren hizkuntzen ikaskuntzari buruz. Zientzialarien artean eztabaidagai zegoen ea interakzioek laguntzen zioten edo ez bigarren hizkuntzen ikaskuntzari. 2000ko hamarkadan zalantzarako tarterik gabe argitu zen eztabaida hori: hainbat ikerketetan frogatu zuten interakzioa funtsezkoa dela bigarren hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko. Eztabaida horretan erreferentzia nagusietako bat bihurtu zen Georgetown Unibertsitateko Alison Mackey eta Gwangju Unibertsitateko Jaemyung Goo ikertzaileek argitaratu zuten analisia. Aurretik egin ziren hainbat analisi barne hartu zituzten, eta beste zenbait ikerketa berri ere aintzat hartu zituzten bere analisian: orotara, aurretik argitaratutako 28 lagin hartu zituzten kontuan. Ordura arteko ikerketa zabalen norantza berean seinalatzen zuten Mackey-ren eta Goo-ren emaitzek: bigarren hizkuntzetan izaten den interakzioa funtsezko faktorea da ikaskuntzarako. Hainbat neurgailuk adierazten zuten hori: interakzioan oinarritutako eskuhartzeak egin aurretik eta ondoren ikasleen ezagutza alderatu zutenean, nabarmena zen interakzioak diferentzia markatzen zuela; eta, halaber, interakzioa ardatz zuten eskuhartzeak eta interakzio txikiko eskuhartzeak alderatzen zituztenean, nabarmena zen interakzioetan gehiago parte hartzeak bereziki bultzatzen zuela hizkuntzaren ikaskuntzan. Epe motzera nahiz epe luzera lortzen zuen eragin hori. Beraz, interakzioetan parte hartzea eta interakzioaren intentsitatea funtsezkoak direla erakutsi zuten.

Mackey eta Goo ikertzaileen lan horrek ekarpen gehiago ere egin zituen. Identifikatzen saiatu ziren ea zertan eragiten zuen interakzioak gehiago, gramatikaren ikaskuntzan edo hiztegiaren ikaskuntzan. Epe motzera, hiztegiaren ikaskuntzan eragin handiagoa zuela ikusi zuten. Aldiz, epe luzera, interakzioak hiztegiaren ikaskuntzan zuen eragina apaldu egiten zela erakusten zuten emaitzek. Aitzitik, interakzioaren eragina epe luzera nabarmena zela identifikatu zuten gramatikaren ikaskuntzan. Hau da, interakzioak sustatu egiten du bai hiztegiaren bai gramatikaren ikaskuntza, baina emaitzak argiago ikusten dira epe motzera hiztegiari dagokionez, eta interakzioari eutsi egin behar zaio baldin eta hiztegiaren ikaskuntzaren eraginari epe luzera eutsi nahi bazaio. Aldiz, interakzio-ibilbide luzeagoak behar dira interakzioak gramatikaren ikaskuntza duen eragina azaleratu dadin.

Ikasleen ikaskuntza benetan sustatu nahi dugunez, ezinbestekoa da funtsezkoak diren alderdiak behar bezala bideratzea. Bigarren hizkuntzen ikaskuntza da gure erronka handienetako bat, eta ebidentzia zientifikoek argi eta garbi erakusten dute bigarren hizkuntzaren interakzioetan parte hartzea ezinbestekoa dela. Are gehiago, ahalik eta intentsitate handienarekin parte hartzea da gomendagarriena, batik bat eskolatik kanpo halako aukerarik ez dutenentzat. Beraz, gure ardura da interakzio ahalik eta aberatsenak ahalbidetzen dituzten eskuhartzeak ahalik eta gehien hedatzea gure ikastetxeetan. Hizkuntzen ikaskuntzari dagokionez, kalitatezko hezkuntza eskaintzeko ezinbesteko baldintza da.

Egilea: Harkaitz Zubiri