Orain dela 42 urte Michael Long-ek interakzioaren hipotesia proposatu zuen bigarren hizkuntzen jabekuntzaren eremuan. Hipotesi horren arabera, hizkuntza-interakzioetan parte hartzeak bultzatu egiten du bigarren hizkuntza ikastea. Hizkuntza-interakzioan parte hartzen dutenek elkar ulertzeko helburua dutenez, esaten dutena egokitzen aritzen dira, esaten ari direna eredu zuzenekin alderatzen dute, eta ulertzeko moduan esaten saiatzen dira. Horri guztiari esker, helburu duten hizkuntza ikasi egiten dute. Hipotesi hori testatu zuten lehen bi ikerketak 1987an eta 1994an argitaratu ziren, eta biek ondorioztatu zuten hizkuntza-ikasleek hobeto ulertzen zutela esaten zitzaiena (input-a) interakziorako aukerak zituztenean. Honenbestez, bi ikerketa horiek iradoki zuten lotura zegoela interakzioaren eta hizkuntzaren jabekuntzaren artean.

Baina garai hartan hainbat ikertzailek zalantzan jarri zuten interakzioaren eta hizkuntza-jabekuntzaren arteko harremana. Lotura enpirikorik ez zegoela zioten. Zalantza horri erantzuteko egin ziren hainbat ikerketa. Ikerketa horietako hainbat izan zituzten aztergai Casey Keck-ek eta bere kideek 2006an. Orotara, 14 ikerketa analizatu zituzten. Laginetako partaideak 15 eta 44 urte artekoak ziren. Unibertsitateko ikasleak, bigarren hezkuntzakoak eta helduen eskoletakoak ziren.

Emaitzak oso argiak izan ziren: ikerketa horietan eskaintzen ziren ebidentzien arabera, hizkuntza-interakzioek bigarren hizkuntzen ikaskuntza ahalbidetzen dute. Are gehiago, hitz egiteko benetako aukerak sortzea funtsezkoa da bigarren hizkuntzen jabekuntzarako. Gerora etorri diren ikerketek (hauek, adibidez) sendotu egin dute ikerketa-lerro hori, harik eta zalantzak erabat uxatu diren arte: gaur egun bigarren ikerketaren eremuan inork ez du zalantzan jartzen interakzioak bigarren hizkuntzen ikaskuntza eragiten duenik. Ebidentzietan oinarritutako eztabaidak uxatu zituen zalantzak.

Egilea: Harkaitz Zubiri