Gure ametsa oso neurrikoa da. Hezkuntzari buruz egunero hitz egin nahi dugu.

Gure ametsa hain da txikia, ezen kaiera batean sartzen baita; hain da handia, ezen nahi duen guztia gonbidatuta baitago orrialde hauetan idaztera; hain da zabala, ezen ikastetxe guztiek baitaukate lekua espazio honetan.

Eremu publikoa indartzea da gure helburua, hezkuntza hizpide izango duen elkarrizketari hauspoa ematea batik bat. Berdintasunean, arrazoituz, ebidentziekin. Aberastasuna dakarrelako. Eraldaketarako aukerak irekitzen dituelako. Hausnarketarik gabe ekitea aktibismo antzua delako. Eraldaketarik gabe solasean aritzea berriketa hutsala delako.

“Hezkuntza” deitzen den espazio honetan ume-nerabe-gazte-heldu guzti-guztiek amets egiteko abagunea izan dezaten. Ahal duten guztia ikasteko, ondo sentitzeko, lagun onak egiteko, maitemintzeko.

Hezkuntza onena sustatu nahi du KAIERAk jende guztiarentzat. Eremu publikoan eraginez lortu nahi du hori. Informazio baliagarria helarazi nahi dizuegu. Albiste interesgarrienak, ebidentzietan oinarritua dagoen informazioa, frogatuta dauden emaitzak islatzen dituena, aukera onenak ahalbidetu ditzakeena.

Eraldaketarako agente izan nahi du KAIERAk, informazioa euskaraz hedatzeaz eta hausnarketa sustatzeaz gain. Fundamentuzko oinarririk gabe egiten diren ekimenak  gainditzen lagundu nahi du. Ezberdinkeria, bazterkeria, arrazakeria, sexismoa bultzatzen dituzten praktikak eta diskurtsoak agerian utzi nahi ditu. Ondoen funtzionatzen duten jardueren berri eman nahi du. Informazio hau guztia esfera publikoan plazaratuz hezkuntza eraldatzeko ekarpena egin nahi du KAIERAk.

Alderdi, erakunde eta bestelako taldeetatik independentea da KAIERA. 

Hezkuntzan ere Giza Eskubideak betetzearekin konprometituta dago KAIERA. Argitaratzen dugun informazioan ez dute lekurik klasismoak, sexismoak, genero bortxakeriak, eta arrazakeriak.

Askotariko ahotsek elkarrekin hasi dugun bidea jorratu nahi dugu gure KAIERAN. Eta orrialde hauek zureak ere izatea nahi genuke, zuk idazteko, margotzeko, irakurtzeko. Pozarren jasoko ditugu zuen proposamenak. Eskerrik asko.

KAIERA Adarra Erakunde Pedagogikoak argitaratzen du Bilbon.