Ausarten Kluba komunitate osoaren arteko elkarbizitza hobetzeko tresna da. Eskolako espazio guztietan dago, eta bertako partaide guztiok ausartak gara: laguna ondo tratatzea, ondokoak defendatzea norbaitek txarto tratatzen dituenean, indarkeria ez erabiltzea eta sortzen diren gatazkak hitz egiten konpontzea, hori egiten duena Klubeko partaidea da, eta hori betetzen ez duena kanporatzen da jarrera aldatu arte. Denok ausartak izan nahi dugu erakargarria delako, eta ondorioz, ez dugu koldarren jarrerarik izan nahi.

Gure gizartean indarkeria erakargarria da eta, egun, denon lana da erakargarritasun hori indarkeria erabiltzen duenari kentzea. Hori lortzeko irakasleokin bakarrik ez da nahikoa, komunitate osoa behar dugu eta, bereziki, beharrezkoa da ikasle guztien jarrera aktiboa indarkeriaren kontra. Beraz, orain protagonismoa ausartei eta biktimei ematen diegu, eta ez jarrera koldarra dutenei, ohikoa den bezala. Horretarako “txipa” aldatu behar dugu.

Gela bakoitzean kortxo bat dago: alde batean Ausarten Kluba eta beste aldean koldarren jarrerak. “Ausarten Kluba” hitzen azpian gelakide bakoitzaren argazkia ipintzen da eta norbaitek beste bati zerbait egiten badio, erasoren bat edo, bere argazkia “koldarren jarrerak” hitzen azpian jartzen du. Egunean zehar jarrera aldatzen badu berriro Ausarten Klubera bueltatzen da. Dena den, egun berria hasten denean denok gara berriz Ausarten Klubekoak. Klubetik ateratzerakoan argi geratzen da ez dela pertsona horren kontra egiteko, haren jarreraren kontra baizik.

Pertsona batek beste bat erasotzen duenean ondoan dauden taldekideok biktimaren alde ipintzen gara, babestu egiten dugu eta erasotzaileari aurre egiten diogu. Denon artean esaten diogu ez dugula onartzen horrelakorik. Laguntza behar badute nagusiei eskatzen diete, badakite laguntza eskatzea eta eraso dituztenak defendatzea ez dela salataria izatea, ausarta izatea baizik. Gatazkekin eta jazarpenekin amaitzeko guztiz beharrezkoa da isiltasunaren legea desagerraraztea. Eskoletan irakasleok ez gara gauza askoz konturatzen lege hori dagoelako. Guregana gertaeren oso ehuneko baxua heltzen da. Lege hori ezabatzeko, injustiziaren kontzientzia sortu behar da eta horren kontra aritzeko ausardia behar da.

Argi dugu txarto tratatzen gaituena ez dela gure laguna eta ez dugula merezi inork molestatzerik, guztiok besteen nahia errespetatu behar dugulako. Botere-harremanen bidez beren nahiak inposatu nahi dituztenak ez dira popularrak, ez dira erakargarriak eta bakarrik geratu ahal dira jarrera hori aldatu arte. Inork ez duenez bakarrik geratu nahi testuinguru hori beharrezkoa da aldaketarako. Beraiek hori ikasten dute eta laguntzeko egiten dute, ez inor baztertzeko. Hori dela eta, jarrera aldatu bezain laster pertsona hori berriro onartzen dugu eta komunitateko partaide helduok laguntzen dugu prozesu horretan, baina protagonistak beti dira ikasle ausartak.

Ausarten Klubaren bidez denok aldatzen gara, eta erasotzen dituztenak nahiz lekukoak indartu eta erakargarriagoak bihurtzen dira. Erasotzaileek erakargarritasuna galtzen dute, besteak errespetatzen ikasten dute eta bide egokiagoak ikasten dituzte. Horrek ez du esan nahi gatazkak  desagertzen direnik, baizik eta horiek konpontzeko bide egokiagoak erabiltzen direla. Elkarbizitza asko hobetu da, eta hori mantentzeko eta hobetzeko egunero lan egiten jarraitu behar dugu.

Egileak: Miriam Domingos, Nahia Salbarredi

20181109_163933 (1)