Azken urteetan, hezkuntza-robotikaren inguruko informazioa behin eta berriro iristen ari da gure belarrietara. Europar Batzordeak dioenez, programazioa, XXI.mendeko oinarrizko gaitasuna da. Baina zer da hezkuntza-robotika? Disziplina arteko Ikaskuntza sistema bat da, robotei mugimendua emanez lortzen dena. Bereziki “STEM” disziplinak lantzen dira. Ingelesezko akronimoa da STEM: Science, Technology, Engineering eta Maths, hots, zientzia, teknologia, ingenieritza eta matematikak.
Orokieta Herri eskolako irakasle batzuek gai honi buruzko interesa agertu zutenez, iazko ikasturtean beharrezko diru-laguntza eskatu genuen robotikako materiala erosteko. Horrela erosi genituen Haur Hezkuntzarako eta 1. ziklorako robot erleak eta erdi ziklorako WeDo Legoak. Hala ere, tresna bakar bat ziklo bakoitzerako erostea nahikoa izan daiteke, zikloen eta mailen artean, talde elkarreragileetarako elkarbanatu baitaitezke.
Hasiera batean, gela batzuetan talde handian lantzen hasi ginen, baina, ondoren, talde elkarreragileetan erabiltzeko tresna ezin hobea zela iruditu zitzaigun. Izan ere, robotikaren bitartez talde lana, sormena, lidergoa eta frustrazioarekiko tolerantzia bezalako konpetentziak lantzen dira. Beraz, zergatik ez? Ikasleen interakzioak ahalbidetzeko primerako tresna da robotika, ezbairik gabe.
Ikasleak oso pozik daude. Aurpegietan irribarrea agertzen da robotika hitza entzuten duten bakoitzean. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako hasierako mailetan erleari bizia ematen diote, hura programatuta. Erdiko mailetan, aldiz, ikasle batzuek legoekin robotak eraikitzen dituzten bitartean, besteek programatu egiten dituzte. STEM disziplinez gain, irakurketa eta idazmena, besteak beste, robotikaren bidez ere lantzen ditugu.
Robotikak ez du soluzio bakarra eskaintzen, hamaika bide eta modu desberdin baizik, ikasleen arteko komunikazioa eta elkarlana bultzatuz. Aipatzekoa da boluntarioak ere, ikasleekin batera, mundu berri horretan murgiltzeko irrikitan daudela.
Hori guztia dela eta, ikasleei programaziorako gaitasuna garatzeko aukera eskaintzen jarraitu nahi dugu, talde elkarreragileek interakziorako eskaintzen diguten abagune paregabeaz baliatuz.
Egilea: Saioa Landa
KAIXO! ERLETXOAK ERABILI DITUGU HAUR HEZKUNTZAKO GELETAN ETA AIPAGARRIENA DA IKASLEEN ARTEKO SORTZEN DIREN ELKARREKINTZAK BAITA LEKU BERBERA IRISTEKO EMATEN DITUZTEN AUKERAK ERE.OSO ABERATSA IZAN DA.