Haur Hezkuntzan irakurketa eta idazketa landu behar ote den, hainbat ikuspuntu daude. Edonola ere, ba al dago etapa honetan ez irakurtzeko eta ez idazteko arrazoirik? Galdera honen aurrean bi ikuspegi eskaintzen dizkizuegu:

Nerea Arza

Aspaldidanik, bai Montessorik, bai Vigotskyk, baita Brunerrek ere, erakutsi ziguten baietz, posible eta egokia zela adin horretan irakurketa eta idazketa lantzea. Gaur egungo neurozientzien ikerketek, gainera, hori egiaztatzen dute. Adin guztietan ikas dezakegu edozer, baina haurrei dagokienez, egokitasunez, hots, estrategiak planteatzerakoan haien garapen-maila eta premiak kontuan hartu behar dira. Horrela, umea lehenbailehen irakurtzen eta idazten hastea oso esperientzia aberasgarria izan daiteke. Izan ere, hizkuntza oso baliabide garrantzitsua da haurrentzat, bai inguruko mundua ezagutzeko, bai harreman sozialak ahalik eta lasterren garatzeko.

Haurren artean irakurketa eta idazmenaren garapenean  maila desberdinak aurki ditzakegunez, eskolak irakaskuntza-ikaskuntza prozesu inklusiboak sustatu behar ditu hizkuntzaren esparruan.

Horren harira, zenbait ikerketaren arabera, Hezkuntza-Jarduera Arrakastatsuak (hala nola, talde elkarreragileak eta solasaldi literario dialogikoak) onurak lortzen ari dira idazketan eta irakurketan, hezkuntzako etapa guztietan, Haur Hezkuntzan barne.

Hainbat ikastetxetan irakurtzeko eta idazteko egiten diren proposamenak, elkarrizketan eta interakzioetan oinarritzen dira. Horiek erakusten digute umeek irakurri eta idatzi behar dutela komunikazio-esperientzia esanguratsuetan parte hartuz eta hausnarketa-prozesuak indartuz. Horrela, halako gune bat sortzen da non elkarrekiko laguntza eta elkarrizketa ematen den, eta guztien artean jolasaren bidez ikasteko gogoa, irudimena, esperimentazioa eta sormena sustatzen diren.

Tania Rodriguez

Nire ustez, Haur Hezkuntzako etapa bukatzerakoan ez dute zertan denek irakurtzen edota idazten jakin. Besteak beste, adin horretan ez baita funtzionala, beren egunerokotasunean erabiltzeko beharrik ez dutelako. Gainera, ekintza horietarako heldugabeak izan ohi dira, nahiz eta kasu batzuetan gaitasuna izan. Kasu “berezi” horietan gaitasun hori goraipatzea ondo legoke; azken finean, umearen nahia da.

Beste kasu batzuetan, aldiz, bestelako interesak dituzte eta horiek errespetatu  beharko genituzke. Izan ere, adin horretan abestiekin eta ipuinekin bokalak, bertan agertzen diren izenak edota egunerokotasuneko hitzak ezagutu ditzakete. Ezagutu: ez irakurri, eta, are gutxiago, idatzi.

Gure haurrek haien gaitasunak, interesak eta beharrak errespetatzen dituzten “gaiak” ikasi beharko lituzkete. Gaur egungo gizarteak ezagutzak geroz eta lehenago ikastera behartzen du izakia. Ondorioz, eta “konturatu gabe”, ezagutza horiekiko desmotibatzea lor daiteke.

Haur Hezkuntzako etapa ez da derrigorrezkoa. Hortaz, malgua izan beharko litzateke, gizartearen  presio hori etorkizunean kaltegarria izan liteke eta.