Asanblada, edo korrua, Haur Hezkuntzako errutinaren parte garrantzitsua da. Jarduera horretan ipuin kontaketa ohiko ekintza da. Momentu horietan irakasleen rolaren garrantzia luze ikertu da azken urteetan, eta ikasle-irakasleen arteko elkarrekintzak umeen ikasketa prozesuan eragin nabarmena duela frogatu dute. Jakina da ikasleentzat Haur Hezkuntzako gelak ikasketarako eta aurkikuntzarako espazioak direla, eta ikerketei esker dakigu, gainera, zeintzuk diren arrakasta akademiko handiena bultzatzen duten ekintza motak.

Gaur egun, oro har, nazioarteko ikerketa komunitateak onartzen du “irakurketa partekatuak” edo ipuin kontaketak potentzialtasun hezigarri itzela duela umeen ikaskuntza prozesuan. Arrakastaren gakoa irakasleen esku dago, ikerketa horien arabera. Irakasleak ikasteko aukera esanguratsuak sortzen baditu, orduan ondo funtzionatuko du.

Hartara, azpimarratzekoa da asanblada edo korru horietako ipuin- kontaketak, edo irakurketa partekatuak, umeen hizkuntza-ikaskuntza prozesuan ere oso eraginkorrak izan daitezkeela. Mascareño eta bere lankideak ere ondorio horretara iritsi ziren 2017an egin zuten ikerketan, zeinetan Txileko Haur Hezkuntzako 24 gelek parte hartu zuten. Guztiak ziren maila sozioekonomiko baxukoak.

Ikerketa horrek baieztatu egin zuen irakasleen esku dagoela irakurketa partekatuak egiterakoan erronka kognitiboak sustatzea. Horretarako, funtsezkoa da lantzen ari den testuaren inguruko elkarrizketak bultzatzea edota istorioak iradoki ditzakeen hipotesiak, ideiak eta usteak partekatzera gonbidatzea.

Hala ere, edonolako elkarrizketak ez du balio; ipuinetik haratago doazen elkarrizketen eskutik datoz benetako erronka kognitiboak. Hau da, istoriotik urrunago doazen elkarrizketetara gonbidatzen duten interbentzioak dira umeen garapen kognitiboa gehien laguntzen duten elkarrekintzak.  Garrantzitsua da orainaldia gainditzea irudimenaren bidez, eta, horretarako, azken honi espazioa eskaini behar zaio. Elkarrekintza mota honi zenbait izen eman zaizkio: hizkuntza inferentziala, ez-orainaldiko hizketaldia, testuingurutik kanpoko hizketaldia edo hizketaldia abstraktua. Edonola ere, horietan parte hartzeak haren garapenerako lagungarria den distantzia psikologikoa hartzeko aukera ematen dio ikasleari.

Ikerketak zera azpimarratzen du: Haur Hezkuntzako irakasleek kognitiboki konplexuak diren elkarrizketa inferentzialak sustatzen dituztenean, ikasle guztien garapena bultzatzen dutela, eta bereziki maila sozioekonomiko baxuenetako ikasleena. Gainera, ahozko hizkuntza konplexua erabiltzeak (ipuin kontaketetan edota bestelako ekintzetan) dakartzan onura kognitiboaz gain, umeen parte-hartzea ere sustatu egiten duela, eta horrek euren esperientzien eta usteen arteko konexioak egitera laguntzen die.

Laburbilduz, Haur Hezkuntzako irakasleek erronka kognitiboak diren elkarrizketak susta ditzakegu eguneroko errutinen bidez. Beraz, edozein momenturi goi-mailako etekin kognitiboa atera diezaiokegu.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017