Irakurketa dialogikoak: ikasleen irakurmena sendotzeko estrategia

Etorkizunari begira, badakigu gure ikasleen hezkuntza-prozesurako eta gizarterako zein garrantzitsua den irakurmenaren garapen arrakastatsua lortzea. Irakurmena oinarrizko komunikazio-trebetasuna da; bai norberaren garapen pertsonalerako bai sozialerako, baita ezagutzarako sarbidea izateko ere.

 

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak erronka horri aurre egiteko Euskadiko Irakurketa Plana aurkeztu du aurten (2017-2018 ikasturtean). Plana aurrera eramateko, zenbait eremu eta eskolatako partaideei deialdia egin ziguten, aberatsagoa izan zedin. Beraz, Maiztegi eskolak bere praktika eraman zuen talde horretara.

 

Gure ikastetxea Ikas komunitateak proiektuan murgilduta dago, hamar urtez jadanik, eta, batez ere, solasaldietan daukagun esperientzia partekatu genuen. Horrez gain, teoria zientifikoak oinarritzat hartzen ditugu; beraz, gure ekarpenak ildo horretan joan ziren. Badira hainbat ebidentzia zientifiko eta ikerketa (INCLUD-ED) gure praktikak arrakastatsuak direla frogatzen dutenak. Izan ere, irakaskuntza dialogikoak aukeratzen dituzten ikastetxeek zera erakutsi dute: lan egiteko modu horrek irakurketa- eta idazketa-prozesua azkartu eta hobetzen dituela.

 

Gure eskolan, tertulia dialogikoak antolatzen ditugu. Ikasleek, irakurritakoa abiapuntutzat hartuta, gogoetak, zalantzak eta eztabaidak partekatzen dituzte. Bakoitzak bere iritzia ematen du irakurritakoaren inguruan. Gauza bat da nork bere buruarentzat irakurtzea, eta beste bat, gainontzekoekin partekatzeko irakurtzea. Gure ikasleak beti dira tertulietako protagonistak, eta horrela sentitzeak laguntzen du beren irakurzaletasuna bultzatzen.

 

Bestalde, eskolako bibliotekan, ikasle guztiek liburuak maileguan hartzeaz gain, irakurketa-idazketa indartzen duten beste ekimen batzuetan ere parte hartzen dute, esaterako: elkarrekin irakurtzen (HH 4 eta 5 urte eta LH). Ikasle nagusiek adin txikiagoa dutenen amabitxi/aitabitxi bihurtzen dira, adin desberdinen arteko komunikazioa eta interakzioak aberasteko. Ipuinak kontatu eta elkarrizketak sortzen dituzte, eta horrela ulermena eta ahozko adierazmena garatzen dituzte.

 

Gure eguneroko lana eta esperientzia izan da Irakurketa Planari egin diogun ekarpena. Hamar urte daramatzagu honetan eta bizi izan ditugu gure ikasleriaren aurrerapenak. Poztasun handia sentitzen dugu gure ikasleak espazio hauetan ikasitakoa beste egoera batzuetara ere zabaldu egiten dutela ikustean; hau da, elkarlana, elkarri laguntzea, argudioak ematea, errespetuz hitz egitea… berezko jarrerak bihurtzen direla.

 

Horixe da interesgarriena, horrela lortzen baitugu pertsona eraldatzea, baita komunitatea eta gizartea ere.

Egilea: Begoña Lizundia

Begoña Lizundia

Be the first to comment on "Irakurketa dialogikoak: ikasleen irakurmena sendotzeko estrategia"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*