Neil Mercer-ek (Lancashire, 1948), Cambrigeko Oratoria zentroko zuzendariak, orain gutxi aurkeztu ditu bere ikerketen emaitzak Erresuma Batuko Legebiltzarreko Komunen Ganberan, Hezkuntza Batzordean, hain zuzen. Eskola publikoetako programa akademikoetan oratoriari dagokion garrantzia ematea zen Mercer-en agerraldiaren helburua. Diskurtsoa soilik eliteentzako kontua dela sinesten dutenak kritikatzen ditu berak.

Neil Mercer-ek hainbat urtez ikertu du hitz egiteko moduek emaitza akademikoetan duten eragina. Bere aburuz, tradizionalki ikasgelak isilik egoteko eraiki dira eta ez da elkarrizketa landu. Erresuma Batuko zenbait eskola pribatutan, aldiz, oratoria, hau da, ahozko mintzamena, lantzen eta bermatzen da aspalditik.

Neil Mercerren taldeak egin dituen ikerketek ondorioztatu dute Haur Hezkuntzan egituratutako elkarrizketak eta  geroko arrakasta akademikoa oso lotuta daudela. Horrekin batera, etxean arrazoitutako elkarrizketak dituzten haurrak adierazpenean eraginkorragoak izan ohi dira.

Aurrekoari helduz, baliteke, gure ikasleen artean, familian kalitatezko elkarrizketak entzuten ez dituztenak egotea. Egoera hori desabantaila sozio-ekonomikoei lotuta dago askotan. Hortaz, ikasle askorentzat eskola eta irakasleak izango dira oratoria garatzeko aukera bakarra, eta ondorioz, eskoletan ez badugu lantzen, ahozko adierazpena garatzeko aukera galduko dute.

Mercerren arabera, gaia ezberdinkeria sozialei lotuta doa. Diru gehiago duten familien haurrek aukera gehiago izango omen dute ahozko adierazpena hobetzeko (dela familiaren eraginez, dela zentro pribatuen laguntzaz); eta, horri esker, prestakuntza hobea eta lanpostu hobeak lortzeko aukera ere  izango dute gerora .

2003an Erresuma Batuan Mercerrek egindako  beste ikerketa batean egiaztatu zen elkarrizketen bidez taldeka arrazoitzea oso lagungarria dela zientzia eta matematika hobeto ulertzeko.  Harrezkero, argi eta garbi geratu da diskurtsoa zientzian erabakigarria dela: behaketa argi deskribatzeko, kausa eta efektuen inguruan argudiatzeko, galdera zehatzak egiteko, hipotesiak formulatzeko… azken finean, ikerketa-prozedurak hobetzeko.

Hau honela, ezinbestekoa da eskoletan haurrei ondo hitz egiten irakastea eta bidezko dinamika bultzatzea. Hizkuntzak eragin izugarria dauka eskolako errendimenduan, dudarik gabe.

Egilea: Laura Alvarez

LAURA