Bi irakasle gelan, neurri inklusiboa ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko

Zalla BHIra heldu bezain pronto, adierazi zidaten hainbat urte zeramatela jarduera-lerro inklusiboan, bidezkoan eta kalitatezkoan jarduten. Berez inklusiboak diren Curriculum Anitza eta Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Programa (HBSP) antolatzen hasi zirenetik, antolaketa inklusiboa eta ekitatea-kalitatea lortzeko jarduerekin jarraitzen dugu, nahiz eta eragozpen ugari izan, hala nola, irakasle berriak eta zuzendaritza aldaketa.

Planteamendu inklusiboak eskolako baliabide profesional guztiak berrantolatzea eskatzen du. Ekintza erabakigarrienen artean, ikastordu askotan ikasgela berean bi irakasle sartzea aipatu nahi dut. Eta hori, nola? Arloko irakaslea bigarren irakaslearekin koordinatzea funtsezkoa da saioa arrakastatsua izateko. Batzuetan, “bigarren” irakasleok banakako lanak egiten ditugu, ikasle bakoitzaren zalantzak argitzen, edota binakako lana sustatzen. Zenbaitetan, berriz, bestelako egituraketa izan daiteke, lortu nahi den helburuaren arabera. Dena dela, saio guztietako xedea ikasleen arteko elkarrekintzak, elkarri azalpenak ematea eta elkarri lagun diezaioten areagotzea da.

Matematika saioetan, adibidez, ikasleak lau talde txikitan banatzen dira. Gehienetan, arloko irakaslea zein bigarrena finko gelditzen dira bi taldetan jarduera bana sustatzen: ikasleek azalpen interaktiboak, buruketa konplexuak edota aberaste jarduerak ebazten dituzte, betiere irakasleen laguntzarekin. Bitartean, gainontzeko bi taldeetan, ikasleek, eurek bakarrik, indartze- edo berrikuste-jarduerak egiten dituzte elkarri lagunduz. Saioan zehar taldeak aldatu egiten dira, guztiek bi jarduerak irakasleekin egin ahal izateko. Noiz edo noiz, aldiz, lau taldeetan zeregin bera daukate, eta irakasleak talde guztietara hurbiltzen dira zalantzak argitzeko.

Euskara eta Ingeles saioetan, arloko bi irakasleen artean ordu erdiko bi jarduera prestatzen dituzte. Ikastaldearen erdiak ahozko komunikazioa lantzen du irakasle batekin, eta gainontzekoek idazmena eta irakurmena bestearekin. Saioaren erdian ikasleak lekuz eta jardueraz aldatzen dira.

Hori dela eta, neu hezkuntza bereziko irakaslea izanda, bi irakasle gela berean egotea, nire jarduteko era guztiz aldatu duen erabakia izan da. Gainera, ekimen horri esker hezkuntza premia bereziak zein ikasteko zailtasunak dituzten ikasleek ohiko geletan dihardute, komeni zaien arreta jasoz, ahalik eta egokitzapen txikienarekin. Ekimen honek aukera berdintasuna bermatzen du ikasle guztientzat, baita eskola arrakasta lortzeko itxaropen handia eskaini ere.

 

Aurtengo ikasle berri batzuentzat ikastordu guztiak ohiko gelan ematea berrikuntza izan da; horregatik, egokitzapen epe bat behar izan dute ikaskideengan eta irakasleengan konfiantza garatu arte. Ikasle horiek inoiz baino harreman hobeak izan dituzte gelakideekin, eta berdinen arteko harremanetan gero eta estrategia egoki gehiago garatzen ari dira. Horrelako neurriei esker, kalitatezko hezkuntza-eskaintza ziurtatzen dugu irakasle guztientzat.

Egilea: Iraitz Hurtado

IMG_20180314_172758

Be the first to comment on "Bi irakasle gelan, neurri inklusiboa ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintzeko"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*