Egiteko gai diren idazlanik onena egin dezaten, ez diogu batez ere ikasleen bakarkako gaitasunari begiratu behar. Bizitzaren beste eremuetan bezala, baldintzak egokiak direnean, beren kasa egin ezin dituzten idazlanak egiteko gai dira ikasleak. Aurretik egin diren hainbat ikerketek erakutsi dute lankidetzan egiten diren idazketa-lanek emaitza hobeak lortzen dituztela. Baina bigarren hizkuntzak ikasteko lankidetza hori nola sustatu daitekeen ondoen asko ikertzeko dago oraindik. Erronka horri erantzunez, Ohio Unibertsitateko Muriel Gallegok berriki argitaratu du L2 Spanish morphosyntactic development through collaborative writing: An Analysis of mood production, text length and syntactic complexity (H2 Gaztelaniazko morfosintaxiaren garapena idazlan kolaboratiboen bitartez: modu ekoizpenaren, testuaren luzeraren eta konplexutasun sintaktikoaren analisia). 

Ikerketaran hiru talde aztertu zituen: ikasle batzuek subjuntiboa lantzeko ariketak egin zituzten, beste ikasle batzuek taldeka aritu ziren “diktoglosa” ariketak egiten, eta beste ikasle batzuei lehenik subjuntiboari buruzko azalpenak eman zizkieten eta gero taldeka aritu ziren “diktoglosa” ariketak egiten. Dictogloss edo diktoglosa ariketak egiteko, ikasleak taldeka jartzen dira, irakasleak testu bat irakurtzen die, testu hori entzun ahala ikasleek zenbait hitz idazten dituzte koadernoan, eta gero ikasleek elkarrekin idatzi behar dute irakasleak irakurri dien testu horri buruzko testu bat. Normalean, irakasleak laguntza gisa ematen dizkie testuari buruzko irudi eta hitz-gako batzuk.

Emaitzak oso argiak dira: lankidetzan aritu ziren taldeek askoz testu hobeak idatzi zituzten. Aldeak oso handiak dira. Baina, gainera, taldeka kolaboratiboki lan egiten zuten ikasleek idaztean ikasitakoa denboran luzaroago mantendu zuten gogoan, taldeka lan egin ez zutenekin alderatuta.

Bestalde, interesgarria da ikerketan aztertu ziren bi talde kolaboratiboak alderatzea. Taldeetako batek subjuntiboari buruzko azalpenak jaso zituen lehenik, eta besteak batere azalpenik ez. Baina emaitzak oso berdintsuak dira bientzat. Horrek iradoki dezake hasierako azalpen horiek ez zirela oso baliagarriak izan. Edonola ere, ondorio hori oso zehatz ulertzea komeni zaigu: esan nahi du azalpenak modu horretan emanda ez zuela fruiturik eman, baina ez du esan nahi gisa horretako azalpenek balio ez dutenik beste era batera egiten badira.

Idazlan kolaboratiboen aldeko ebidentziak gero eta ugariagoak dira. Ikerketak erakusten du alde handia dagoela ikasleek bakarka egin dezaketenaren eta besteen laguntzaz egin dezaketenaren artean. Horri deitzen zion Vygotskyk Garapen Hurbileko Eremua.

Egilea: Harkaitz Zubiri