Irakasleak ikasleen testuak zuzentzea baliagarria izan daiteke ikasleek zuzenketetatik ikas dezaten, baina lan hori baldintza egokietan egin behar da baldin eta benetan probetxuzkoa izatea nahi badugu.

Hizkuntzen ikaskuntzari dagokionez, ikasleek irakasleen feedbacka jasotzen dutenean, aukera dute hobetu beharreko ezaugarrietaz konturatzeko, eta, horrela, beren hizkuntza maila koska bat hobetu dezakete. Baina feedback hori baliagarria izan dadin, ikasleek zerbait egiteko erabili behar dute feedback hori. Hala denean, irakaslearen feedbackak ikaslearen ikaskuntza prozesua aldamiatu dezake. Feedbackak Garapen Hurbileko Eremua zabaltzen lagundu dezake. Garapen Hurbileko Eremua da norberak bakarrik egin dezakeenaren eta norberak beste norbaiten laguntzarekin egin dezakeenaren artean dagoen aldea. Irakasleak idatzizko feedbacka eskaintzen duenean, ikasleek bakarka ikasiko ez luketena ikas dezakete.

Baina ikasleek feedback hori erabiltzen dutenean, ez da berdin lan hori bakarka edo beste norbaitekin egitea. YouJin Kim eta Lena Emeliyanova ikertzaileek aztertu dute hori beren azken artikuluan. Aurretik egin diren ikerketek agerian utzi dute hizkuntzak ikasteko oso mesedegarria dela ikasleek modu kolaboratiboan lan egitea. Idazketa lanei dagokienez ere, ikerketak erakutsi du  idazlanak kolaboratiboki egiten direnean emaitzak hobeak izaten direla, baita testuak kolaboratiboki editatzen direnean ere.

Kim eta Emeliyanova ikertzaileen lanak ekarpen berria egin du: ikasleek irakaslearen idatzizko feedbacka jasotzen dutenean eta gero idazlana berridatzi behar dutenean, lan hori kolaboratiboki egiten badute, askoz zehaztasun handiagoarekin zuzentzen dituzte akatsak. Aldiz, lan hori bakarka egiten badute, ez dira hain eraginkorrak.

Ikerketa horrek erakusten du feedbackak lagundu egiten duela hizkuntza maila hobetzen bai feedback hori bakarka bai kolaboratiboki erabiltzen denean. Baina kontuan hartuta irakasleak zenbat denbora behar duen lan hori egiteko, komeni da ahalegin horren emaitzak ahal bezain eraginkorrak izatea. Ikerketak honek erakusten digu hori nola egin: ikasleek irakaslearen feedback hori kolaboratiboki lantzen badute, irakaslearen ahaleginari etekin askoz handiagoa ateratzen diote.

Egilea: Harkaitz Zubiri