Eztabaida baten amaiera (1): honela hasten da irakurtzen ikasten

Irakurtzeko ahalmenak bizitzak aldatzen ditu. Ezagutza jasotzeko eta barneratzeko funtsezko euskarria da. Alfabetatze kaskarrak desberdinkeria, osasun fisiko eta mental txarra, eta, oro har, menpekotasuna sustatzen ditu, eta, era berean, helduaroan lan-baldintza kaskarragoak onartzera bultzatzen du. Herrialde garatuenetan 15 urte dituztenen artean % 20 inguruk ez dauka irakurketa-gaitasun nahikoa, eta horrek eragotzi egiten die bizitzaren hainbat eremutan eraginkortasunez parte hartzea. Arazo larri hori gainditze aldera, ikerketa zientifikoaren eremuan agerikoa dena laburbildu zuten 2018an Anne Castle, Kathleen Rastle eta Kate Nationek, hurrenez hurren, Macquarie, London eta Oxford-eko unibertsitateetako ikertzaileek.

Irakurtzen nola ikasten eta irakasten den eztabaidagaia izan da urteetan: hurbilpen fonetikoaren aldekoek letren soinuak esplizituki irakastea hobesten zuten; hurbilpen globalizatzailearen aldekoek, ordea, hobetsi egiten zuten haurrei alfabetatze-testuinguruak eskaintzea eta haurrek testuinguru horietan hitzen esanahiak aurkitzea. Zientziaren eremuan eztabaida amaitu da, baina, ziur aski, ondorioak ez dira behar bezain beste hedatu oraindik.

Era batera nahiz bestera irakatsi, umeen lehenengo erronka printzipio alfabetikoa ikastea da beti, hau da, idatzizko sinboloek soinuak adierazten dituztela ikastea. Beren kasa uzten direnean, haurrek nekez ikasten dute hori. Ez da naturalki gertatzen. Printzipio alfabetikoa ikasteko modu eraginkorrena haurrei trebatzen laguntzea da, ahozko hizkuntzan fonemak identifikatzen ikas dezaten eta, era berean, fonema horiek sinbolo grafikoekin lotu ditzaten. Erresuma Batuan ebidentzia horren arabera diseinatu zuten haurrek 4 urterekin hasten duten trebakuntza fonetiko sistematikoa, eta, ondorioz, 2012an gutxieneko maila gainditzen dutenen kopurua % 58koa izatetik, % 69ra pasatu zen 2013an, % 74ra 2014an, % 77ra 2015ean, % 81era 2016an eta % 81era 2017an.

Sineskeria asko zabaldu dira hurbilpen fonetikoari buruz. Esan izan dute existitzen ez diren hitzak irakasten direla, edo benetako ikaskuntza trabatzen duela, edo haurrek robotak bezala mekanikoki ikasten dutela irakurtzen, eta oso aspergarria dela horrela ikastea. Ebidentziek erakusten dute irakurtzen ikasten hasteko ez dagoela modu eraginkorragorik, autoestimu akademiko handia bermatzeko bide zuzenena dela arlo horretan, eta, praktikara modu egokian eramanez gero, haurrak gogo biziz murgiltzen direla langintza horretan.

Bestalde, ikerketa zientifikoak argitzeko zenbait gauza dauzka oraindik: adibidez, asko erabiltzen diren eta idazkera irregularra duten zenbait hitz bere osotasunean erabiltzea onuragarria den edo ez argitzeke dago. Hurbilpen fonetikoarekiko osagarria bada, eta ez zentrala, eta hitz bakanak eta garrantzitsuak badira, mesedegarria izan daitekeela uste dute Castles, Rastle eta Nationek.

Edonola ere, hurbilpen fonetikoa da irakurtzen ikasteko ezinbesteko abiapuntua. Baina, kontuz, horrek ez du esan nahi fonemak sinbolo grafikoekin (letrekin, gure kasuan) lotzen ikastea nahikoa denik irakurtzen ikasteko. Lehenengo pausoa baino ez da; ezinbestekoa, mugarria, baina lehenengoa bakarrik. KAIERAn datorren asteko artikuluan azalduko dugu zeintzuk diren irakurtzen ikasteko prozesuaren hurrengo pausoak.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117

Leave a comment

Your email address will not be published.


*