Maria Montessori Italiako Chiaravallen jaio zen 1870ean, familia burges, liberal eta katoliko batean, eta Herbehereetan hil zen 1952an, bere pedagogia zabaltzen ari zela. Hiru gerra bizi izan zituenez, zalantzak zituen gizartearen etorkizunarekin. Salbazioa haurrengan zegoela eta garatzen lagundu behar zitzaiela uste zuen, eta horretarako bizi eta lan egiten zuen metodo zientifikoari jarraituz. 

Renilde Stoppani, haren ama, emakume ilustratua eta aurrerakoia zen eta ikastera bultzatu zuen. Maria Montessorik ingeniaritza, biologia eta medikuntza ikasi zituen, eta Italiako lehen mediku emakumea izan zen.

Adimen urriko haurrekin hasi zen lanean. Bizitza hobea merezi zutela uste zuelako hasi zen garatzen bete teoria pedagogikoak. Horretarako, Jean Itard eta Eduardo Seguinen lanak ezagutu zituen. Seguinen materialak kontuan harturik, bere materialak sortu zituen. Behaketa eta metodo zientifikoa oinarritzat hartuta, bere materialak eta filosofia lantzen hasi zen bi urtean zehar. Ume horiek estatu-mailako azterketa gainditu zuten, eta haur arrunten antzeko emaitzak lortu zituzten. Horrela baieztatu zuen espero zena baino ikasteko gaitasun gehiago zituztela eta haur arrunten gaitasunak aprobetxatu gabe zeudela.

Horregatik erabaki zuen pedagogia normala ikasi nahi zuela; hala, antropologia ikasi zuen, filosofiako doktoretza lortu eta psikologia esperimentaleko ikastaroak egin zituen.

1907an, Casa dei banbini sortu zuen Erroman, eta bertan aritu zen urte luzeetan zehar. Egoera kaltetuetako umeekin lan egin zuen, eta bere metodoa garatu. 

1929an, AMI (Association Montessori International) sortu zuen, Montessoriren ondarea babesteaz arduratuko zena. 

1939an, Indiako Teosofia Elkarteak herrialdera gonbidatu zuen Mario semearekin batera. II. Mundu Gerra hasi zenean, bertan geratu behar izan zen. Han, lehen hezkuntzako umeekin lan egin zuen, 1912ko liburuko metodoa erabiliz.

Gaur egun zientziak mantentzen dituen planteamendu asko berak defendatu eta garatu zituenetarikoak dira. Haien artean: maisu/maistrak jarrera zientifikoan trebatu behar zirela; gurasoen inplikazioa guztiz beharrezkoa zela; “Casa di Babini”-ak testuinguru seguruak izan behar zirela; ikaskuntza haurra jaiotzen denetik hasten dela: hizkuntza, ordena, mugimenduaren koordinazioa, zentzumenen zorroztea, irakurketa, idazketa, matematika…

Askatasuna zen oinarria, baina hori jarduerarekin eta diziplinarekin lotuta egon behar zen haren ustez: askatasunak interes kolektiboa zuen mugatzat, zer dagoen ondo edo txarto irakatsi behar zen, eta horren arabera mugak ipini edo bultzatu; irakasleak askatasuna lortzeko haurra gidatu behar zuen:

Ekintza erabilgarriak egiten laguntzea… …Haur bati jaten, garbitzen, janzten irakastea lan luzeagoa, zailagoa eta pazientziatsuagoa da, jaten, garbitzen eta janzten ematea baino…

Filosofia bera erabili zuen irakurketa eta idazketaren irakaskuntzan. Hasieran pentsatzen zuen 6 urte baino lehen ez zela egokia hastea, baina berehala konturatu zen ez zela horrela: haurra txikitatik eta laguntza eta material egokiekin estimulatuz, haurraren jakin-minaren gidaritzapean, idazketa erraz eta bat-batean garatzen da, ahozko hizkuntzaren antzera. Prozesu horretan, haur batzuek idazten ikasten zuten, dagoeneko idazten zekitenak imitatuz. Horrela, denbora gutxian idazten ikasten zuten. 

4 urteko haurrek idazteko interes handia zutela aurkitu zuen, eta batzuek 3 urte eta erdirekin ere lortzen zutela. Aurkikuntza horrekin Vigotsky ados agertu zen eta gaur egun ikerketa zientifikoa bide beretik doa.

Egilea: Mª Luisa Jaussi

Jaussi