Nola hitz egin ikasleekin adostasunari buruz

Azken urteotan, gizartearen sexu-indarkeriarekiko kontzientzia handitu egin da. #metoo edo #niksinestendizut bezalako ekimenek adostasunari buruzko hausnarketa eta lanketaren premia ikusarazi dute. Gai horri buruz eta hezkuntzari buruz hitz egiten dugunean, normalean nerabeak eta gazteak etortzen zaizkigu burura, baina ikerketak esaten digu txikitatik landu beharreko gaia dela.

Noski, elkarrizketak eta planteatzen diren ekintzak ez dira izango berdinak haurrekin edo nerabeekin hitz egiten dugunean. Nerabeekin sexurako adostasunari buruz hitz egingo dugu; haur txikiekin, aldiz, adostasunari buruz hitz egitea izan daiteke mugak ipintzeari, besarkatuak izan nahi izateari edo zerbaitetan  jolasteko erabakiari buruz aritzea. Hori lagungarria izan daiteke jazarpenetik babesteko, Liz Kleinrock-ek erakusten digun bezala. Txikitatik ezetzaren balioa edo besteen nahia errespetatu behar dela ikas dezakete, eta hori etorkizunean izango dituzten sexu-harreman osasuntsuak izateko oinarria izan daiteke.

Hori dela eta, Harvard Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko argitalpen digitalean, Usable Knowledge orrian, hainbat ikerketatan oinarritutako estrategiak eskaintzen dira irakasle, hezitzaileei eta ikertzaileei zuzenduta, haien esku baliabideak ipintzeko.

Haur eta Lehen Hezkuntzarako proposatzen diren estrategiek lotura handia dute argi eta zehatz hitz egitearekin; horren adibidea da “gorputza”, “lekuak” eta “ukitu” hitzak erabiltzea. Haien sentimenduak eta besteenak identifikatzen ere irakatsi behar zaie: eroso edo deseroso sentitzen direnean zerbait egin bitartean, edo triste, gogotsu… Bestalde, erakutsi behar zaie haien eskubidea dela sentimendu horiek nahi dutenean eta nahi dutenekin adieraztea, eta erabakiak hartzean mugak ipintzen eta besteenak errespetatzen ere irakatsi behar zaie.

Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloko eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin sexu-jazarpenari eta sexu-adostasunari buruz hitz egin behar da. Nahiz eta oraindik txikienek sexu-harremanik ez izan, adin horretan gaiari buruz jasotzen duten zenbait informaziorekin nahastuta senti daitezke. Beraz, honako hauek argi izan behar dituzte: norengana jo gauza desegokiren bat ikusten edo jasotzen dutenean; inork ezin dituela ukitu baimenik gabe eta haiek ezin diotela gauza bera egin besteari; beste pertsona batekin harremanak izateko, bien artean hartu behar dutela erabakia, eskua emateko, musukatzeko edo hitz egiteko bada ere; inork ezin duela inor behartu sexu-harremanak izatera, ez bikoteak, ez lagunek, eta, aldi berean, inork ezin du inor behartu askatasun sexualaren izenean, askatasunaren guztiz kontrakoa delako; zer den pertsona batekin adostea alkoholaren edo drogen eraginpean dagoenean.

Hori guztia eskolan nahiz familiekin landu behar da, testuinguru segurua eta elkarrizketarako guneak sortzeko gizartean, eta askotan, lagunen artean ematen den  diskurtso hertsatzailea ezabatzeko

Egilea: Rosa Jaussi

Rosa

Be the first to comment on "Nola hitz egin ikasleekin adostasunari buruz"

Leave a comment

Your email address will not be published.


*