Azken bortxaketei buruz egon diren epaiek mahai gainean jarri dute hain arazo larriari aurre egiteko legedian eta egiten diren esku-hartzeetan aldaketa bat egiteko beharra, eta puntu nagusietako bat sexu harremanetako adostasunaren gaia da.

Alde batetik, legediari begira, Europan, Amnistia Internazionalaren txosten baten arabera (2018), 7 herrialdek soilik (Irlanda, Erresuma Batua, Belgika, Zipre, Alemania, Islandia, Luxenburgo eta Suedia) dute bortxaketa baimenik edo adostasunik gabe sexu gisa definitzen duen legedia. Geroago, Portugalek bat egin du herrialde horiekin. Gainerako herrialdeen arabera, bortxaketa da indarra erabiltzen denean, indarrez mehatxatzen denean, hertsatzen denean edo biktimak bere burua defendatzeko gaitasunik ez duenean. Adostasuna kontuan hartzea oso faktore garrantzitsua da aurrera egiteko, legediak eragina baitu bortxaketaren  kontzeptuan.

Dena den, Borges, Banyard eta Moynihan-en arabera, legedia eta politikak garrantzitsuak dira, baina horiek ezagutzea ere bai. Haiek egindako ikerketa batean azaltzen duten bezala, unibertsitate asko politikak sortzen ari dira sexurako adostasunaren inguruan, baina politika horiek ikasle askok ez dituzte ezagutzen. Gainera, haien ustez, bortxaketak saihesteko arriskuen murrizketan edo emakumeen autodefentsan oinarritu dira gehien batean, zer ez den egin behar ikasten da gehienetan, baina egin beharrekoa ere kontuan izan behar da; adostasuna lantzea ere, esate baterako, oso garrantzitsua da.

Adostasuna honela definitzen dute: erabaki jakituna eta gogozkoa, erlazio sexualak izateko. Sexurako adostasunari begira, ikerketan lau alderdi kontuan hartu dira: (1) adostasuna bilatzea, (2) adostasuna jasotzea, (3) adostasuna bilatzeko eta jasotzeko anbiguotasun txikieneko modua ahozko adostasuna dela aitortzea, eta azkenik, (4) pertsonen gaitasunak mugatuta egon daitezkeela onespena bilatzeko eta emateko orduan. Muga horien barruan sartzen da, adibidez, 16 urtetik beherako norbaitekin sexu-jardueretan ez parte hartzea, ezta substantzia ugari hartzeagatik ezinduta dagoen norbaitekin edo/eta adostasuna eman ezinik uzten duen desgaitasun bat duen norbaitekin ere.

Ikerketan, hainbat ikaslerekin adostasuna landu zuten, 220 ikaslerekin, hain zuzen ere. Horiek bi taldetan banatu ziren. Lehenengo taldeak prestakuntza murriztua izan zuen, eta unibertsitateko komunitatearen liderrak agertzen ziren “onespena izan zenuen?” bezalako esaldiak posterretan erabili zituzten. Bestea prestakuntza osatuagoa eta luzeagoa izan zen, “adostasuna 101” izeneko ordu bateko hitzaldia egin zuten, eta onespena lortzeko ezaugarri aproposei buruz hitz egin zuten, onespen “sexy” batean oinarrituz. Azken horretan politikei buruz eztabaidatu zuten, baita adostasunaren inplikazioari buruz ere.

Emaitzen arabera, ikasleekin adostasuna lantzea eraginkorra da, denbora gutxian lantzen den arren, baina, ikerketak erakusten duen bezala, bigarren esku-hartzea aproposagoa izan zen, kasu horretan gaia hausnarketaren eta eztabaidaren bitartez landu zelako, eta horrek, esan bezala, emaitza hobeak izan zituen.  

Adostasunaren inguruko politikak eta legeak eraginkorrak izango dira pertsonek edo, kasu honetan, ikasleek ulertzen badituzte eta landutakoa beraien bizitzan praktikan jartzen badute. Horregatik, prestakuntzak funtsezko zeregina du, eta horrekin batera eskolak, umeek, nerabeek eta gazteek, komunitate osoarekin batera, adostasunaren gaian aritzeko eta harremanetan adostasunaren beharra erakargarria bihurtzeko. 

Horrelako prestakuntzek ez dituzte bortxakerien prebentziorako mezuak alde batera utzi; aitzitik, tresna gehigarri bat izan nahi dute, bortxaketekin amaitzeko eta harreman osasuntsuak lortzeko.

Egilea: Carlota Oteo

WhatsApp Image 2019-06-24 at 22.37.02