1987an, Iqbal Masih-ek 4 urte zituenean, aitak alfonbra-fabrika bati laga zion umea, alaba nagusiaren ezkontza ordaintzeko mailegu baten truke. Umeak han egon behar zuen zorra erabat ordaindu arte. Egunero 12 ordu baino gehiago ematen zituen alfonbrak egiten, baina aitak eskatu zituen interes eta mailegu berrien artean zorra handitzen hasi zen, eta, beraz, haurrak ez zuen irtenbide posiblerik. Bost urte geroago, haurrak Ehsan Khan ezagutu zuen, haurren esklabotzaren aurkako borrokalaria, eta horrek alfonbrak ehuntzen zituzten haurren egoera salatzera eraman zuen; hala, haurren eskubideen aktibista handi bihurtu zen.

1995eko apirilaren 16an, bizikletan zebilela, Ikbaal tiroz hil zuten. Gertaera tamalgarri hori gertatu zenez, eta haurren esplotazio- eta abusu-kasu ugari aurkitu zirenez, Kultur Mugimendu Kristauak eta beste erakunde batzuek Haurren Esklabotzaren aurkako Nazioarteko Eguna bultzatu zuten haien oroimena ohoratzeko.

Gaur egun, Langileen Nazioarteko Erakundearen (LANE) arabera, munduan 200 milioi haur baino gehiago (400 milioi GKEen arabera) lan ilegalak, arriskutsuak eta iraingarriak egiten ari dira. Haurren esklabotzak eskubideak kentzen dizkie haurrei, eta esplotazioaren, baldintza arriskutsuetan lan egitearen, abusuen eta indarkeriaren eraginpean jartzen ditu. Haurren esklabotza hainbat mendetasun-moduren bidez agertzen da, besteak beste: lan behartua, haurren salerosketa, etxeko esklabotza, ezkontza behartua, soldadu edo borrokalari izateko errekrutatzea eta sexu-esplotazioa.

Apirilaren 16an, GKEek eta nazioarteko erakundeek hainbat jarduera egiten dituzte mundu osoan, besteak beste: informazio-hitzaldiak, haurrentzako ipuinen irakurketa, argazki-erakusketak, komunikabideekiko kontzentrazioak eta topaketak, aniztasunarekin lotutako jokoak, haurren eskubideak eta kulturartekotasuna.

Hala ere, haurren esklabotza arazo globala da, eta erantzun integrala behar du, prebentzio-, identifikazio- eta babes-neurriak konbinatzen dituena. Biztanleria kalteberenari, diskriminatuei, baztertuei, minusbaliatuei, desplazatuei, gutxiengo etnikoei, herri indigenei eta klase baxuei eragiten die. Horregatik da garrantzitsua kontzientziazio-jarduerak egitea urteko 365 egunetan.

Egilea: Isabel Mendizabal