Periódico Educación-etik itzulita

Valentziako “A Muscles de Gegants” mintegian parte hartzen dugu duela 10 urte baino gehiagotik, eta ikasturte bakoitzean gure lurraldeko hezkuntza nola hobetu amesten dugu, inpaktu sozialeko ebidentzia zientifikoetan oinarritutako hezkuntzatik.

Azken hiru ikasturteetan, gure ametsak eta helburuak haurren sexu-abusua gainditzera bideratzen dira; izan ere, eskoletara gero eta gehiago iristen zaizkigu abal zientifikorik ez duten sexu-hezkuntzako programak, eta horrek izan ditzakeen ondorio negatiboengatik asko kezkatzen gaitu.

Amets horiek betetzeko, batzorde mistoak osatu genituen, eta, duela hiru ikasturte, “haurren sexu-abusua gainditu eta prebenitzeari” buruzko bat sortu genuen. Une honetan, hainbat esparrutatik parte hartzen dugu: haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako maisu-maistrak, unibertsitateko irakasleak eta gizarte-erakundeetako profesionalak; ideologiak, erlijio-orientazioa edo ez, etab. Urte hauetan zehar, ikerketa eta artikulu zientifikoak irakurri eta eztabaidatzeko bildu gara, eremu horretan zein jarduera diren kaltegarriak eta zein diren eraginkorrak argitzen laguntzeko, eta hezkuntza-komunitateei helarazteko.

Sexu-hezkuntzako programa eraginkorrak ezagutzea da amets bat, eta, horretarako, joan den ikasturtean Achieving student well-being for all: educational contexts free of violence txostena irakurri genuen. Txosten horretan, oso modu argigarrian, haurtzaroko indarkeria mota guztiak prebenitzeko orain arteko 9 programa eraginkorrenak aurkitu genituen. Horietako batzuk dagoeneko aplikatzen ari gara gure eskoletan: zero indarkeria ausarten kluba, solasaldi feminista dialogikoak, indarkeria isolatzailea ezabatzeko jarduerak edo elkarbizitzarako eredu dialogikoa. Batzordean, eskola batzuek beste batzuei laguntzen diegu hori posible egiten.

Beste amets bat ere bagenuen: ebidentziak herritarrei zabaltzea, eta, aldi berean, gai honetan interesa duten pertsona guztien artean eztabaida pizten laguntzea. Gure ustez, tresna ezin hobea izango litzateke ebidentzia zientifikoen plataformak erabiltzea eta ezagutza elkarrekin sortzea (hezkuntzan eta generoan). Parte-hartzaile guztien artean, post berri bat sortu genuen, adin txikietan egin ohi den zerbaiti buruzkoa: hezkuntza emozionala besarkadak eta musuak ematera behartzen duten jardueren bidez bideratzea. Nahiz eta esan ez dutela parte hartu nahi, badakigu, beste post honek adierazten duen bezala, heldu batek adingabe batekiko duen botere-posizioak haurrak erabaki ahal izatea eragozten duela, derrigortuta edo behartuta sentitu gabe.

CICFEM 23 nazioarteko kongresura ere joan ginen, Sandra Racionero doktorearen panela entzuteko eta Promoting a Consistent Culture of Protection (PCCP) proiektuan haurren sexu-abusua gainditzeko mundu mailako jesuitekin egiten ari den lan zientifikoa ezagutzeko gogo handiz. Harritu egin gintuen zenbait datu entzuteak, hala nola sexu-abusuak testuinguru guztietan gertatzen direla edo sexu-abusuak egiten dituzten gizon gehienak ez direla zelibeak, % 63 gizon ezkonduak izanik. Hortik abiatuta, gehiago irakurri genuen gai horiei buruz, eta orain oso kontziente gara edozein testuingurutan gerta daitekeela, eta gure eskoletan litekeena dela haurrak abusu horiek jasaten aritzea.

Batzordean parte hartzen dugunok, gure ikastetxeetako egunerokotasunean, ustezko “adituak” inposatu nahi dizkiguten tailer eta programak aurkitu ditugu. Egindako elkarrizketa eta irakurketei esker, gero eta argiago ikus dezakegu zein kaltegarriak izan zitezkeen jarduera horiek, adibidez, adostasuna ulertzeko edo sexu-heziketa zer den edo zer ez den ulertzeko. Bat gatoz esatean ez zaigula erraza egiten inposaketa horiei aurre egitea. Bultzatzen dituztenek, guztiaren kontura, eskola askotara joan nahi dute, suposatzen dien negozioagatik. Baina gauza guztien gainetik haurrak eta gazteak defendatzen ditugunok oso argi daukagu ez diegula presio horiei amore emango.

Hona hemen batzordeko partaideetako baten ahotsa:

“Irakasle gisa, hain gai erabakigarrian, berretsi egin dit oso garrantzitsua dela ebidentziek esaten digutena aplikatzea ikastetxeetan haurren sexu-abusua prebenitzeko.”