Proposamen eta planteamendu instituzional askotan bizikidetza positiboa agertzen da, eta, adibidez, hezkuntza emozionaleko edo talde-kohesioko dinamikak proposatzen dira hori bultzatzeko. Gatazkak agertzen direnean bitartekaritza eta erreparazioa proposatzen dira. Litekeena da hori guztia asmo onekin egitea, baina asmo on horiek ez dira nahikoa arazoei aurre egiteko, eta, askotan, egoera okertu ditzakete, “asmo onez beterik dago infernua” esaera zaharrak dioenez.

Eskolak ez dira paradisuak non indarkeria sortzea saihestuko den, horrelako tresnekin bizikidetza positiboa landuz txikitatik. Indarkeria gizartean dago; gainera, erakargarria da, eta txikitatik ikasgeletan errepikatu eta ager daitezke gizartean gertatzen diren botere-harremanak. Horregatik, indarkeria hori gainditu nahi badugu eta benetako bizikidetza positiboa izan, oso txikitatik hezi behar ditugu indarkeria hori ikusaraziz, hari aurre eginez, arbuiatuz eta erakargarritasuna kenduz

Tratu txarren, jazarpenaren eta genero-indarkeriaren kasuetan, ebidentzia asko dauzkagu ez dutenak gomendatzen bitartekaritza erabiltzea. Eta hori horrela da adin guztientzat, ezin diogu garrantzia kendu txikiak direlako. Era berean, ezin dugu pentsatu bi ikasleren arteko gatazka isolatua denik. Icebergaren punta izan ohi da, eta kasu horietako askoren atzean tratu txar sistematikoak egon daitezke; halaber, erasotzailea ez da beti egoera horretan agertzen, beste bultzatzaile batzuk ere egon daitezke izkutatuta. Izan ere, ikasgeletan irakasleok ikusten ditugun baino gehiago egon daitezke, isiltasunaren legearen ondorioz. 

Jakin behar dugu maiz azkenak garela jakiten, ikerketak dioen bezala. Hori dela eta, talde-kohesioko dinamika bat edo erasotzaileen eta biktimen arteko emozioak lantzeko dinamika bat proposatu dezakegu, egoera hori betikotzeko jarrerak eta dinamikak balioztatuz, ohartu barik.

Gizarte-inpaktuaren ebidentzia zientifikoetan oinarritutako neurriak behar ditugu, funtzionatzen dutela frogatu dutenak. Eta badauzkagu funtzionatzen duten gako batzuen ebidentzia nahikoak: komunitate osoaren eta ikasleen inplikazioa, isiltasunaren legea hausten, indarkeriari erakargarritasuna kentzen eta biktimen alde ausardiaz eta argi eta garbi jarrera hartzen laguntzeko; indarkeriaren kontra ikasleek protagonismoa izan behar dute eta jarrera hori hartzen duten ikasleak guztion artean babestu behar ditugu. Pertsona horiei duten balio soziala eta erakargarritasuna eman behar diegu, biolentoei kenduta. Beste gako bat adiskidetasun-sentimendua lantzea da, lagun onak dituztenak jazarpenetik babestuta daudelako. Ildo horretan, garrantzitsua da aukeratzen duten pertsonak lantzea, hau da, ondo tratatzen nauten eta xantaiarik edo presioa egiten ez didaten lagunak direla benetako lagunak.

Horrekin guztiarekin batera, funtsezkoa da txikitatik adostasuna lantzea, hau da, harremanetan, nahi dena eta egin nahi ez dena une oro aukeratzeko askatasuna. Horrela, genero-indarkerian hain garrantzitsua den diskurtso hertsatzailea gaindituko dugu.

Haurtzarotik jasaten den indarkeriak oso ondorio larriak ditu bizitzan zehar, eta guztion artean lan egin behar dugu indarkeria gainditzeko eta eskolak benetan seguruak bihurtzeko.

Egilea: Mª Luisa Jaussi