Hizkuntza arloko saioetan ohikoa da ikasleak binaka edo taldeka lanean jartzea. Aukera ona izan daiteke ikaskuntza modu eraginkorragoan sustatzeko, baina ez du zertan hala izan. Gainera, ondo funtzionatzen duten bikoteen eta taldeen artean ere aldea dago, batzuek besteek baino askoz hobeto funtzionatzen dutelako. Hamaika ikerketa egin dira taldekatze modu eraginkorrenak identifikatu nahian. Literatura zientifiko horri ekarpena egiten dio honako artikuluak: L2 Proficiency Pairing, Task Type and L1 Use: A Mixed-Methods Study on Optimal Pairing in Dyadic Task-Based Peer Interaction (Bigarren hizkuntzan duten mailaren araberako bikoteak, ataza mota, eta lehenengo hizkuntzaren erabilera: atazan oinarritutako adinkideen arteko interakzioan bikote eraginkorrenak osatzeari buruzko metodo mistoen azterketa bat). Ikerketa horretan Txinako unibertsitate prestigiotsu bateko ikasleak aztertu zituzten, ingelesa atzerriko hizkuntza bezala ikasten ari zirenean. Ikasleen arteko bikoteak osatu zituztenean, bikote batzuetan konpententzia txikiena zutenak elkarrekin jarri zituzten, beste bikote batzuetan konpetentzia handiena zutenak elkarrekin, eta, horiez gain, beste bikotea batzuetan konpetentzia handia eta txikia zutenak elkarrekin jarri zituzten.

Emaitzek erakusten dute hizkuntza-konpetentzia altuko bikoteetan bigarren hizkuntza askoz gehiago erabiltzen dela. Aldiz, hizkuntza konpetentzia txikiko bikoteetan lehen hizkuntza asko funtzio gehiagotarako erabiltzen da. Bikote heterogeneoetan, berriz, bigarren hizkuntzan egiten den aldamiajea askoz handiagoa da, eta, beraz, bigarren hizkuntza lantzeko aukera askoz zabalagoa da. Lehen hizkuntza erabiltzea ez da arazo, oso lagungarria izan daiteke, hainbat funtzio bete ditzakeelako, baina, aldi berean, bigarren hizkuntza erabiltzeko ahalik eta aukera gehien sortzea funtsezkoa da bigarren hizkuntza hori ikasteko aukerak handiagoa izan daitezen.

Ikertzaileek, emaitza horietan oinarrituta, gomendio garbi bat ematen dute: ikasleak bikotetan jarri behar direnean, modurik eraginkorrena bikote heterogeneoak sortzea da.

Egilea: Harkaitz Zubiri