2023 urtean, aurrerapen zientifiko eta sozial ugariren lekuko ari gara izaten eremu gehienetan. Hezkuntza arloan ere, autore inportanteenek dioten moduan, eraldaketa sakon eta garrantzitsuen mendea ari da izaten hau (Ramón Flecharen azken liburuan hau sakonki eta elegantziaz azaltzen da). Horien artean, pertsonen arteko ezberdintasunak berdintasunean ulertu eta tratatzearen onurak gizarte-mailan eta hezkuntza arloan bereziki. Ikasketa teoriek diotenez, garapen eta ikasketa prozesuak, gizakion kasuan, elkarrekintzen menpe daude. Hau da, zenbat eta gehiagotan pertsona anitzekin hitz egin, jolastu, pentsatu, lan egin, orduan eta emaitza hobeagoak eta produktiboagoak lortuko ditugu, geure ulermena zabalduz eta ikasketa prozesuak sustatuz eta aberastuz.
Ebidentzia zientifikoetan oinarri sendoa duen ideia honen jarraitzaile izan dira puntako unibertsitateak, Harvad bezala, bere sarbide-politikan aniztasun kulturala bermatuz, besteak beste.
Gure testuingurura ekarriz, Euskal Herriko nahia eta lehentasuna da mundu osora zabaltzea gure jakintzak eta gure lurraldetan lortzen ditugun aurrerapenak (hala dio behintzak, Euskal Herriko Unibertsitateko leloak, “eman ta zabal ezazu”). Baina helburu hau lortzetik urruntzen ari gara, azken albisteek dioten moduan, ijito herriarekiko arrazismoa eta errefusa handitzen den neurrian. Esfortzu handiarekin eta oinarri zientifikoak dituzten hezkuntza jarduerak aurrera eramaten, pertsona ijitoak goi-mailako hezkuntzara ari dira iristen, geroz eta hobeto, Kale Dor Kayiko elkarteak urtero ospatzen duen kurtso amaierako sari banaketan argi ikusten den moduan. Hori bai, kasu askotan arrazismo instituzionala gaindituz, eta behin eta berriro argi uzten ijitoa izatea ez dela kaltegarria, baizik eta kontrakoa. Ijito kulturan oinarrian dauden baloreak eta printzipioak (hala nola, solidaritatea, elkartasuna, helduekiko errespetua eta zailtasunak erronka bezala ulertzeko erreztasuna) argi eta garbi gizarte osorako ekarpen garrantzitsuak dira. Adibidez, zenbat adineko pertsonentzat, askotan “abandonatutak” erresidentzietan, etxeetan edota ospitaletan, onuragarria izan daiteke ijitoen elkartasuna, inork bakarrik uzten ez duen printzipioa alegia. Fenomeno hau aldizkari zientifikoetan argitaratuta dagoen neurrian (eskuragarri hemen), aurreiritzi eta usteak gainditzen eta eraldatzen ditu.
Hezkuntza arloan ere, emaitza hobeagoak lortzen ari dituzten eskolen artean, ijitoak eta ikasle immigranteak dira ugari (adibide bakar bat azpimarratzeko, ikusi hemen). Harvard-en ere, aniztasun kulturala bermatzeko esfortzu handiak egiten dituzte: taldeak zenbat eta anitzagoak, orduan eta emaitzak hobeagoak dira. Adibide hauek argi erakusten dute gakoa gure zentroetan ZER egiten duguna da, eta ez ZEIN dagoen gure klaseetan.
Egilea: Kaiera