Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako jarduketekin lotutako aurrerapenak geldiezinak dira eremu guztietan, eta, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikuluak dionez, herritarrok aurrerapen zientifikoaren ondoriozko onuretan parte hartzeko eskubidea dugu. Horren erakusgarri, urtearen hasiera honetan zientzia Legebiltzarrera iritsi izanari buruzko 2022ko albistea berreskuratu nahi dugu.
Izan ere, urtebete martxan egon ondoren, C Bulegoak, Diputatuen Kongresuaren eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) baterako ekimenak, 2022aren amaieran argitaratu zituen Diputatuen Kongresuko Mahaiak 2022ko otsailaren 22ko bileran eskatu zituen gaurkotasun eta garrantzi zientifikoko eremuei buruzko lehen lau txostenak

Minbiziaren aurkako tratamenduan aurrerapenak

Hidrogeno berdea erregai gisa

Zibersegurtasuna 

Adimen artifiziala eta osasuna

Txosten horiek gai jakin bati buruz eskuragarri dagoen ebidentzia zientifikoaren laburpen laburrak dira, eta gai horri buruzko adostasuna, desadostasuna, zalantzak eta eztabaidak erakusten dituzte. C Bulegoak epe ertainean eta luzean interesa izan dezaketen gai zientifiko-teknologikoen proposamen bat egiten du aldian-aldian. C Bulegoko Aholku Batzordearekin lankidetzan egindako proposamen horretatik, Kongresuko Mahaiak txostenak egiteko garrantzitsuenak hautatzen ditu. Txosten horiek egiteko, arloan arloko zientzialari adituen aholkularitza jasotzen da.

Kongresuko Mahaiaren enkarguaren ondoren, C bulegoak azaroaren 14an aurkeztu zituen ebidentzia zientifikoari buruzko lehen txostenak, C Astea deiturikoan. Ikertzaileen eta parlamentarien arteko parekatze-programa bat da, botere legegilearen eta komunitate zientifikoaren arteko ezagutza-trukea errazteko. Lau lan-jardunalditan, Diputatuen Kongresuko legebiltzarkideekin parekatutako 10 zientzialari eta zientzialari doktorek elkarrekin partekatu zituzten botere legegileari aholkularitza zientifikoa emateari buruzko hainbat prestakuntza-saio, eta, gainera, aurkeztutako lau txostenei buruz eztabaidatu, hausnartu eta sakondu zuten. Saioa streaming bidez eman zen.

Argitaratutako txostenak egiteko, eskuragarri dagoen literatura osoaren berrikuspen bibliografiko zehatza erabili zuten, baita azaldutako gaian adituak diren ikertzaileei egindako elkarrizketa batzuk ere, ekimenaren arduradunek adierazi zutenez. Zehazki, C Bulegoak 1.075 dokumentu kontsultatu zituen, diziplina askotako eta nazioko zein nazioarteko 123 zientzialari, ikertzaile eta aditu elkarrizketatu zituzten, eta elkarrizketatutako pertsonen bi berrikuspenen mende jarri zituen txostenak: C Metodoa deritzona.
C txostenek Creative Commons 4.0 lizentzia dute, hau da, kopiatu, banatu, publikoki komunikatu eta eraldatu egin daitezke, baita erabilera komertzialerako ere, betiere C bulegoa aipatzen bada iturri gisa.

Hezkuntza-arloan ere ebidentzia zientifiko gero eta gehiago dago, zorionez! Espero dugu, laster, Legebiltzarrean ere merezi duten lekua izatea; bitartean, 2023an zehar horien berri zuekin partekatzen jarraituko dugu oso gustura, gure Kaieraren helbururik nagusietako bat ebidentzia zientifikoak ezagutaraztea baita.

Egilea: Isabel Mendizabal