Azken aldian asko ikertu da idazlan kolaboratiboei buruz. Aztergai izan dute, besteak beste, nola taldekatu beharko liratekeen ikasleak. Helburu hori du Wuhango Unibertsitateko Li eta Liu ikertzaileek argitaratu berri duten artikuluak: “Effects of dyadic patterns and proficiency pairing on Chinese EFL learners’ second language learning in collaborative writing” (Eredu diadikoen eragina eta gaitasunaren araberako bikotetzea, atzerriko hizkuntza ikasten ari diren ikasle txinatarren idazlan kolaboratiboetan). Ingelesa ikasten ari diren 62 ikaslek osatzen dute lagina. Ikasle horiekin, batetik, hizkuntza-konpetentzia handiko 12 bikote osatu zituzten; bestetik,  konpetentzia handiko eta txikiko ikasleak zituzten 12 bikote osatu zituzten; eta, azkenik, konpetentzia txikiko 12 bikote osatu zituzten. Horien guztien emaitzak aztertu zituzten ondoren.

Emaitzek garbi erakutsi zuten faktore garrantzitsuena izaera kolaboratiboa izatea edo ez izatea dela. Konpetentziaren araberako bikoteak elkarren artean alderatu zituztenean, ez zuten haien arteko alde esanguratsurik aurkitu. Aldiz, bikote kolaboratiboak eta ez-kolaboratiboak aztertu zituztenean, aldea oso nabarmena zen: lankidetzan aritu ziren bikoteek idazlanean topatu zituzten hizkuntza-afera askoz gehiago izan zituzten eztabaidagai, eta askoz zuzenago erantzun zieten eztabaidagai izan zituzten hizkuntza afera horiei.

Ikaskuntzari dagokionez oro har, ikerketak aspaldi argitu zuen taldekatze homogeneoak kaltegarriak direla, eta, aldiz, taldekatze heterogeneoak eta kolaboratiboak direla eraginkorrenak. Bigarren hizkuntzen arloan ere ikerketak horixe bera seinalatzen du, baita bigarren hizkuntzan egiten diren idazlanei buruzkoak ere. Gaur aztergai dugun artikulu berri honek berretsi egiten du ikerketa lerro hori, eta, bide batez, gure eskoletan daukagun lehentasunezko erronka bat seinalatzen digu: elkartasuna eta lankidetza sustatzea. Sorionekuak gara, ikerketak hori nola egin ere argitzen digulako.

Egilea: Harkaitz Zubiri