Adimen artifiziala (AA) gero eta gehiago erabiltzen ari da irakaskuntza, bai eskura dauden baliabideak eskuratzeko, bai ikaskuntza eta ebaluazioa era positiboan eraldatzeko. Hala ere, lineako ikaskuntza-inguruneek kontinente bat baino gehiago hartzen dituzte, eta erabiltzaileek ezin dute beti jakin nola eta non erabiltzen diren beren datuak. Horren ondorioz, erronka etiko espezifikoak agertzen dira AA eta hezkuntzako datuak erabiltzean gerta daitezkeen arriskuen eta balizko kalteen aurrean.
Erronka horien aurrean, Europako Batzordearen Hezkuntza Arloak argitaratu ditu Ethical guidelines on the use of artificial intelligence and data in teaching and learning for educators , Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta ikasleei beren irakaskuntzan eta ikaskuntzan laguntzeko, eta hezkuntza-inguruneetako administrazio-lanak babesteko. Gida abiapuntu bat da hezitzaileek, ikasleek eta ikastetxeek adimen artifizialaren eta hezkuntzako datuen erabilera etikoari buruzko kontzientzia izan dezaten, eta aholku praktikoak ematen dizkie hezitzaileei teknologia horren erabilera eraginkorra planifikatzeko moduari buruz.
Jarraibideak Hezkuntza Digitaleko Ekintza Planaren (2021-2027) zati dira: ekimen politikoa, EBko estatu kideetako hezkuntza- eta prestakuntza-sistemak aro digitalera modu jasangarri eta eraginkorrean egokitzen laguntzeko.
Gidaren helburu garrantzitsu bat hezkuntzan AAri buruzko kontzeptu okerrak, herrikoiak eta orokortuak argitzea da, teknologia ikasle guztien trebetasunak garatzeko modurik onenean aplika dadin. Adibidez, gidaren arabera, kontuan izan behar dugu AAk desberdintasun- edo diskriminazio-modu berriak sor ditzakela eta daudenak areagotu, edo sarbidea eta inklusioa hobetzeko aukerak eskain ditzakela.
Dokumentuak aurkezten du AAren teknologiak irakaskuntzako eta ikaskuntzako hainbat testuingurutan nola erabil daitezkeen. Horretarako, AAren erabilera-kasu generikoak deskribatzen ditu, erabileran sortzen diren erronka etikoak nabarmenduz, baita hezitzaileek teknologia horiek eskoletan sartu eta ezartzean kontuan hartu behar dituzten kontu etikoak ere. Halaber, ikastetxeetako hezitzaileek eta zuzendariek har ditzaketen oinarrizko neurri batzuk azaltzen ditu, AA eta datuak, eskola osoan, ikasle guztientzat emaitza hobeak lortzeko nola erabiltzen diren edo erabil daitezkeen berrikusteko. Kasu generiko horietan erabiltzen diren orientazio-galderak oinarri izan daitezke ikasleekin, gurasoekin eta, oro har, eskola-komunitatearekin eztabaidatzeko.
Gidak argi eta garbi azpimarratzen du eskolak AA sistemak pixkanaka aplikatzeko prozesua prestatu behar duela eta ikastetxean horri buruzko barne-hausnarketa egin, gizarte-ondorioak etengabe gainbegiratuz nahi ez diren efektuak gertatzen ari badira atzerapausoa emateko, Hezkuntzan AAren aplikazio etikoak ikaslearen, hezitzailearen, ikastetxeko zuzendaritzaren eta erakundeen jarduera eskatzen baitu.
Azkenik, AAk hezkuntzan duen eraginari buruzko ebidentzietan oinarritutako ikerketa ez dela oraindik oso zabala gogorarazten du, eta, beraz, jarrera kritikoa eta zaintzailea izatea gomendatzen du.
Egilea: Isabel Mendizabal