Ikerkuntza zientifikoaren arabera, desparekotasunak herrialde guztietan hazi dira; hala ere, hezkuntza pobrezia- eta desberdintasun-zikloa gainditzeko tresna garrantzitsuenetarikoa dela frogatu da. 2011n, dagoeneko, INCLUD-ED Europar Komisioko proiektuak identifikatu zituen transferigarriak eta unibertsalak diren Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak (HJA). Hala, lortutako emaitzei esker, INCLUD-ED gizarte-zientzietako proiektu bakarra izan zen Europar Komisioko hamar proiektu arrakastatsuen zerrendan. 

Geroztik, HJAek oso leku ezberdinetan izan dituzten efektuak ikertu dira, mundu-mailako aldizkari zientifiko nagusienetan (hala nola Cambridge Journal of Education). Dena dela, oraindik ez da ezagutza eta emaitza horiek guztiak sintetizatu dituen ikerlanik. Hala, Morlà-Folch eta kideek literatura-azterketa garatu dute HJAen inpaktuei buruz. Ikerketa hori Educational Research Review aldizkarian argitaratu da, Journal Citation Reports-en (aldizkari zientifikoen datu-base nagusia), hirugarren aldizkaria hezkuntza eta hezkuntza-ikerketa kategorian.

Horretarako, Web of Science, Scopus eta Scielo datu-baseak aztertu zituzten, eta zehaztutako irizpideen arabera (ikerketa enpirikoak, HJAei buruzkoak eta haur- edo lehen-hezkuntzakoak), 63 izan ziren hautatuak. Horiek 103 eskolaren emaitzak aztertu zituzten, gehienbat talde elkarreragileak eta literatur solasaldi dialogikoen inpaktuarekin lortuak. Gainera, ikerketa longitudinalak (18 urteko inpaktua, adibidez) zein urte batekoak aurkitu ziren. 63 artikuluetatik, 33k maila sozioekonomiko baxuko testuinguruetan ikertu dute. Literatura zientifikoaren azterketaren arabera, HJAek honako inpaktu hauek frogatu dituzte:

  1. Maila indibidualean: ikaskuntza instrumentalaren hobekuntza, hala nola matematika eta hizkuntza, pertsona guztiek izan dute. Test estandarizatuetan emaitza hobeak izan dituzte ikasleek HJAetan parte hartu eta gero, bai Bretainia Handian, bai Kolonbian. Ikasle immigranteengan edo hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleengan ere onura horiek nabariak izan direla ikusi da ikerkuntza zientifikoan. Gainera, beste arlo batzuetan ere, hala nola ikasleen autoestimuan eta motibazioan, eragin positiboa frogatu da.
  2. Talde-mailan: ikasleen arteko erlazioetan hobekuntza erakutsi du literatura zientifikoak. Ikasleen arteko kolaborazioa, laguntza eta errespetua izan dira nagusi, eta gatazkak prebenitu eta gutxitu dira. 
  3. Komunitate-mailan: familien parte-hartzea eta ikastetxearekiko zuten jarrera-aldaketa ikusi dira. Adibidez, ikasleengan familiek eskolan parte hartzeak eragin positiboa izan duela frogatu da, bai eskola-emaitzetan eta motibazioan, bai gatazken gutxitzean. Eskolako absentismoa asko gutxitu da familien parte-hartzearekin. 

Hala, eskolako liderrek, irakasleek eta administrazioak informazio hori erabil dezakete eskola-eraldaketak sustatzeko, ikasle guztiei kalitatezko ikaskuntza-ingurunea eskaintzeko, baita pandemia-egoera batean ere. Literatura zientifikoaren sintesi horrek agerian utzi du HJAek hezkuntzaren kalitatea hobetzeko potentziala eskaintzen dietela premia handiena dutenei, eta gizartearen eraldaketan laguntzen dutela hezkuntzaren bidez.

Egilea: Ane López de Aguileta