Bost urtetik beherako ume bati egunean liburu bat irakurtzen badiogu, urtean gutxienez 78.000 hitz entzungo ditu irakurketa-saio horietan. Liburuak irakurtzen dizkieten eta ez dizkieten umeak alderatzen baditugu, beren lehenengo bost urteetan 1,4 milioi hitz gehiago entzungo dituzte irakurketa saioetan parte hartzen dutenek, ikerketa batean kalkulatu dutenaren arabera. Baina ez da kopuru kontua bakarrik. Liburuak irakurtzean, irakurketa partekatua egiten badugu, umeek irakurketan parte hartzea sustatzen badugu, irakurketa-saioak bereziki mesedegarriak dira Haur Hezkuntzako umeentzat. Liburuak horrela partekatzen direnean, helduak zubi lana egiten du, irakurketa aldamiatu egiten du: erraztu egiten dio umeari edukiak ulertzea, atentzioa osagai garrantzitsuetara bideratzea, hizkuntza-gaitasuna garatzea, eta, oro har, funtzio exekutiboa lantzea eta jokabide arazoak murriztea, baita irakurtzeko ohitura barneratzea eta irakurketarekin gozatzea ere. Beraz, funtsezko trebeziak landu daitezke horrela. Edo bestela esanda: egiten ez bada, funtsezko trebeziak landu gabe uzten dira. Desberdinkeria ezarri ala ez ezarri, hori da gakoa. Haur Hezkuntza garaian, umeen artean ezar daitekeen desberdinkeriak oso eragin handia dauka gerora izango dituzten lorpen akademikoetan, enpleguan, eta integrazio sozialean, hainbat ikerketak erakutsi dutenaren arabera.
Desberdinkeria ez da inola ere ekidinezina. Ikastetxeetan, adibidez, asko egin daiteke berdintasunaren eta gizarte kohesionatuagoen alde. Esku-hartze eraginkorrak dira horretarako gakoa, eta, eraginkorrak izan daitezen, ikerketa zientifikoa funtsezko erreferentzia da. Aurten argitaratu duten ikerketa batean horixe izan dute aztergai Cambridge, Oxford, Reading, Bologna eta beste zenbait unibertsitatetako ikertzaileek: nola sustatu ikasle guztiek irakurketarako sarbide eraginkorra izatea. Horretarako, ikerketak baliabide zehatz baten onurak ikertu zituen: familiak liburuen irakurketan trebatzea zenbateraino zen mesedegarria, hain zuzen. Ikerketan parte hartu zuten umeek 2 eta 4 urte artean zituzten.
Familiek gustura hartu zituzten trebakuntza-saioak. Trebakuntzari esker, irakurketa partekatuak zentzu guztietan hobetu ziren: batetik, helduen sentsibilizazio-maila eta aldamiatzeko trebezia handitu egin zen, eta, bestetik, umeen hizkuntza-adierazpenak, entzundakoa ulertzeko ahalmenak, eta atentzioa jartzeko gaitasunak hobera egin zuten, besteak beste.
Haur Hezkuntzako ikastetxeetan horrelako opariak egiteko aukera dago. Ez da nolanahiko zortea hori egiteko aukera izatea.
Egilea: Harkaitz Zubiri