Ikerketek garbi erakutsi dute interakzio kolaboratiboak sustatzea funtsezkoa dela bigarren hizkuntzak ikasteko. Era berean, literatura zientifikoan adostasun zabala dago berdinen arteko feedback-aren garrantziari buruz. Baliagarria da hiztegia, gramatika eta ahoskera hobetzeko, besteak beste. Halaber, ikerketak sarritan erakutsi du ikasleen ikaskuntzari buruzko sinesmenek eragina dutela ikasleen jokabideetan. Hizkuntzen ikaskuntzan ere gertatzen da. Ikerketa ildo honi jarraiki argitaratu da honakoa artikulua: “Do beliefs matter? The relationship between beliefs about peer feedback and peer feedback outcomes on pronunciation” (Sinesmenak axola du? Ikaskideen feedback-ari buruzko sinesmenen eta ikaskideen feedback-aren emaitzen arteko harremana ahoskeran). Jakin nahi zuten ea ikasleen arteko lankidetzari buruz ideia positiboagoak dauzkaten ikasleek emaitza hobeak izaten dituzten bigarren hizkuntzen ikaskuntzan? Horri buruzko ikerketa bat argitaratu berri dute
Alemaniera ikasten hasiberriak diren unibertsitateko 74 ikaslek osatu dute lagina. Bigarren hizkuntzaren ahoskera izan dute aztergai. Emaitzek ez dute zalantzarako tarterik uzten: hainbat saiotan berdinen arteko feedbacka jaso ondoren, ikasleen arteko lankidetzari buruz ideia positiboak dituzten ikasleek gehiago ikasi dute gainerakoek baino. Beraz, orain arteko ebidentzien ildotik doaz emaitza hauek: ikasleen sinesmenek eragina dute beren emaitza akademikoetan. Ikerketak erakutsi du posible dela ikasleen sinesmenak indartzea edo/eta beren mesedetan indartzea. Hausnarketa sustatzen duten eskuhartzeak eta berdinen arteko interakzio trebatzaileak oso eraginkorrak izan daitezke horretarako. Kasu honetan, lankidetzaren balioaz konturatzea oso baliagarria da. Izan ere, ikasleek ez badute argi ikusten interakzio kolaboratiboak zeinen eraginkorrak diren bigarren hizkuntzak ikasteko (bai beraiek ikas ditzaten, bai ikaskideek ikas ditzaten), emaitzak kaskarragoak izango dira.
Ikaskuntza-irakaskuntza ez da teknika, estrategia eta taktika multzo soil bat. Zerikusi estua du gure balioekin, gure ikuspegiekin. Ondorioz, arrakasta akademikoa bermatu ahal izateko, ezinbestekoa da balioen eremua ere langai izatea.
Egilea: Harkaitz Zubiri