Eskoletako komunitate hezitzaile inklusiboa batua eta ikasleen ongizatearen eta arrakasta akademikoaren alde aktiboa izatea erabakigarria da. Ikasleak sare sozialen erdigunean ipintzean ezberdinkeria sozioekonomikoak ekartzen dituen arazoak arintzeko baliagarria da. Hala ere, sare sozial onuragarri horiek ikasle guztien eskura ez daudenean ezberdintasunak areagotzeko besterik ez dute balio. Beraz, sare sozialen forma guztiak ez dira ikasle guztientzat onuragarriak. Ikerketa interesgarri honetan sare sozialen nolakotasunari erreparatzen diote, onuragarriak eta kaltegarriak bereizteko.
Aldez aurretik, autoreek bi kontzeptu argitzen dituzte. Batetik, zubi kapital soziala eta, bestetik, lokarri kapital soziala. Lehenengoan, eskola batean egon daitezkeen azpikomunitateen artean harremanak (zubiak) sortzeko gaitasunaz hitz egiten da, hala nola euskaldun eta erdaldunen, maila sozioekonomiko altuko eta baxukoen, edota ijito eta payoen arteko harremanak. Bigarrenean, aldiz, gure antzerakoen artean sortzen den harreman afektiboaz hitz egiten da, hau da, adiskidetasun-, auzotasun- edo familia-harremanaz ari dira.
Artikuluan eskolak bereizten dira bi kapital sozial mota hauen arabera, eta, horien arteko konbinazioak kontutan hartuta, 4 eskola mota aurkezten dituzte:
a) Zubi kapital sozial ahula eta, aldi berean, lokarri kapital sozial ahula dutenak.
Lehenengo kasuko eskolak tamalgarrienak dira. Ikertzaileek “Hor konpon!” eskolak izendatu dituzte. Horietan, gurasoek modu indibidualistan parte hartzen dute, tutoreekin banakako bileretara mugatzen dira. Oro har, ez dago gurasoen elkartean edo eskolako komiteetan parte-hartze sendorik, eta gurasoen arteko harremanak ere ez dira sendoak. Adibidez, hori gerta daiteke herrietatik urrun dauden eskoletan.
b) Zubi kapital sozial ahula, baina lokarri kapital sozial sendoa dutenak.
Bigarren kasuko eskola horietan gurasoen eta irakasleen arteko harremana estuagoa da. Eskolan ezaguna izanez gero, gurasoek irakasleekin berba egiteko ahaleginak eginez gero, seme-alabek posizio ona lortuko dute sarearen erdigunean. Zubi kapital soziala ahula denez, eskolaren inguruko informazioa eta erabakiak eremu formaletik kanpo daude, edo esku gutxiren artean banatuta. Beraz, boterea influentzia-zirkulu jakin batzuetan geratzen da, eta maila sozioekonomiko baxuko gurasoak bazterrean geratzen dira.
c) Zubi kapital sozial sendoa, baina lokarri kapital soziala ahula dutenak.
Eskola horietan, gurasoen parte-hartze formala sustatuz zubi kapital soziala eraikitzen da, baina luzatzen diren zubi horiek ez dira inora heltzen lokarri kapital soziala ahula delako, hau da, gurasoen artean eta guraso eta irakasleen artean harreman afektiboen galera dagoelako, eta, ondorioz, eskolak luzatzen dituen zubi guztiak mesfidantzaz jasotzen dira komunitatearen aldetik.
d) Zubi kapital sozial sendoa eta lokarri kapital sozial sendoa dutenak.
Azken kasu honetan arrakasta inklusiboa lortzeko aukera gehiago daude. Horrelako eskola baten leloa honako hau zen: “Elkarrekin gaude honetan!”. Eskola horietan, guraso, ikasle eta irakasleen arteko harreman informalak sendotzeko ahaleginak egiten dituzte hainbat ekintzaren bidez (egunaren hasieran gurasoak, ikasleak eta irakasleak sarreran elkartzen dira 30 minutuz berba egiteko, eta gurasoen eta irakasleen arteko kafe-solasaldiak, gurasoek klaseetan parte hartzeko aukerak eskaintzen dira), baina zubi kapital soziala ere mugiarazten dute ezberdinak diren azpi-komunitateen artean zubiak eraikiz (eskolako ordezkaritza-organoetan zailtasun sozioekonomikoak dituzten eta bazterrean dauden kolektiboen parte-hartzea sustatuz, azpikomunitateen artean elkarrezagutza indartuz, ordutegiak moldatuz langileen parte-hartzea errazteko, ekonomikoki laguntzeko sistemak eraikiz).
Argi dago azken eskola mota hori dela desiragarriena, pertsona mota guztientzat sortutako eskola, alegia. Artikulu honek lagundu diezaguke gure komunitateak non kokatzen diren behatzeko eta eskola-komunitate inklusiborako bidea eragozten duten oztopoak identifikatzeko.
Egilea: Gontzal Uriarte