John Hattie-k Visible learning liburua argitaratu zuenetik, askok izan dute hizpide. Batetik, best-seller global bihurtu da, eta zenbaitek hezkuntzarako erreferentzia bezala hartu dute. Liburuaren webgunean “hezkuntzaren grial santua” dela iradokitzen dute.

Baina, bestetik, liburu horren oihartzunak kezka handia eragin du. Liburu horrek oso oinarrizko akatsak dituela azaldu dute hainbatek eta, ondorioz, auzitan jarri dute liburu horren erreferentzialtasuna. Sonatua izan zen Robert Slavin-ek Visible learning liburuari buruz argitaratu zuena: John Hattie oso oker zebilela adierazi zuen. Hattieren “meta-meta-analisian” oinarrizko akatsak daude, Slavinen arabera: esate baterako, Hattiek ez du kalitate galbaherik erabiltzen bere analisian aintzat hartzen dituen ikerketak hautatzeko, eta, beraz, jatorrizko ikerketak kalitatezkoak izan edo ez, berdin-berdin barne hartzen ditu Hattiek, eta horrek erabat baldintzatzen ditu Hattieren ondorioak. Bestalde, hainbatek nabarmendu dituzte Hattieren estatistika arloko akatsak, baita Slavinek ere. Robert Slavin izan zen Nancy Madden-ekin batera Success for all proiektua sortu zuena. Egitasmo horrek emaitza oso onak izan ditu: testuinguru sozio-ekonomiko apalenetako milioi erdi ikasleren emaitzak nabarmen hobetu ditu. Hattiek, ordea, ez du proiektu hori bere analisian aintzat hartzen. Halaber, Hattiek ez du Ikas Komunitateen proiektua aintzat hartu, nahiz eta Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak 10.000 ikastetxe ingurutan erabiltzen diren eta Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuen eraginkortasuna ehundaka artikulu zientifikotan frogatu den. Ildo beretik, eraginkortasuna zientifikoki frogatu duten beste zenbait programa ere ez ditu kontuan hartu Hattiek. Horrez gain, deigarria da Hattiek ikerketa kualitatiborik aintzat hartu ez izana.

Web of Science eta Scopus gaur egun funtsezko erreferentziak dira ikertzaileontzat, eta bertan erraz aurkitu daitezke John Hattieren Visible learning liburua eztabaidagai duten hainbat artikulu. Hezkuntzan gure erreferentziak zeintzuk diren aukeratzen ditugunean, ezinbestekoa da aukeran dauden ekarpenek zientziaren eremuan duten lekua aztertzea. Ez badugu hori egiten, hanka sartzeko arriskua handia da, eta horrek eragin kaltegarria izan dezake makina bat ikaslerengan.

Egilea: Harkaitz Zubiri