Punta-puntako ikertzailea da Rocío García Carrión, egungo Munduko Hezkuntza Ikerketarako Elkartearen idazkaria eta Ikerbasque ikertzailea Deustuko Unibertsitatean. Haur guztiei kalitate handiko hezkuntzarako eskubidea bermatzeko lan egiten du García-Carrión-ek, bereziki zailtasun gehiagoko testuinguruetan daudenei, hala nola ikasle immigranteak edo gutxiengo kulturaletakoak. 

Hartara, ostiral honetan (maiatzak 20), Bilboko Bizkaia Aretoan arituko da gai garrantzitsu horren inguruko ebidentziak zabaltzen, hau da, zer-nolako eragina duen immigrazioak eskolan. Geroz eta aniztasun kultural handiagoa dugu egungo euskal eskoletan, eta gaiaren inguruko ebidentziak mahai gainean jartzeak aurreiritzi asko desegingo ditu. García-Carriónen hitzaldia jardunaldi zabalago baten testuinguruan egingo da, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikorako Katedrak izenekoan, hain zuzen ere. Ostiral honetan, 9:00etatik 13:30era Bilboko Bizkaia Aretoan eta EiTB-ko Kosmos kanalean streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.