Garai batean ia inork ez zuen ebidentzia zientifikoei buruz hitz egiten hezkuntzan. Gaur egun ebidentziak aipatzerakoan, oraindik ere badago urduritzen den jendea, baina gero eta zabalduagoa dago hezkuntzan ebidentziak aipatzea. Inpaktu sozialaren ebidentzian oinarritutako hezkuntza nabarmen ari da hobetzen ikasleen, irakasleen eta hezkuntza komunitate osoaren bizitzak. Hala dela jakinda, ziurtatu egin behar dugu ebidentziei buruz hitz egiten digutenean, benetan ebidentziak dituztela oinarri. Badago jendea ebidentziaren pegatina eransten diena inolako ebidentziatan oinarrituta ez dauden hainbat eskuhartzeri.

Nola egiaztatu ebidentziak aipatzen dizkigutenean benetan ebidentzietan oinarritutzen ari direla? Bide bat baino gehiago dago, baina, edonola ere, ebidentziak aipatzen dituenaren ardura da ebidentzia horiek erakustea.

Hizkuntza batean egiten diren interakzioek hizkuntza horren ikaskuntza eragiten dutela esaten dugunean, adibidez, ebidentziak zientifikoak oso sendoak dira. Azken 40 urteetan egin den ikerketaren laburpen bat eta makina bat erreferentzia aurkitu daitezke, esate baterako, Alison Mackey, Rebekha Abbhul eta Susan M. Gass ikertzaileek argitaratu zuten lanean. Ehundaka ikerketek aztertu dute zeinen eraginkorra den hizkuntza batean interakzioak izatea. Interakzio testuinguru batean, partehartzaileek egokitu egiten dute beren hizkuntza input-a. Hitz egiteko aukerak sortzen dira (ouput-a), ikasten ari dena praktikatzeko eta barneratzeko. Hizkuntzaren zenbait ezaugarriri erreparatzeko aukera ematen du interakzioak, hori eginez ezaugarri horiek egokitzeko eta ikasteko. Interakzio testuinguruetan gainerakoengandik feedbacka jasotzeko aukerak sortzen dira. Interakzioek ikaskuntza emaitzetan duten eraginkortasuna aldatu egiten da testuinguru sozialaren arabera, partehartzaileen egoera afektiboaren arabera, partehartzaileek elkarren artean duten harremanaren arabera.

Ebidentziei buruz gero eta gehiago hitz egiten denez, garaia da ebidentzia horiek erakustea ezinbesteko bihurtzeko. Hezkuntzan asko dago jokoan. Erabakiak hartzen ditugunean, bermeak behar ditugu.

Egilea: Harkaitz Zubiri