Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean oso argi jasota dago,  27. artikuluan hain zuzen: “Pertsona orok du eskubidea (…) zientzia aurrerakuntzan eta horri darizkion irabazietan parte hartzeko”. Dagoeneko hainbat aurrerapauso gertatzen ari dira bide horretan. Batetik, zientzian gero eta gehiago jotzen da ezagutza zientifikoaren ko-eraikuntzara. Hau da, ikertzaileek hiritarrekin elkarlanean identifikatzen dituzte erronkak eta konponbideak. Ikerkuntza askoz eraginkorragoa da horrela. Bestetik, ikerkuntzaren helburu behinena inpaktu soziala erdiestea da. Inpaktu soziala daukala esaten da jendearen bizitza hobetzeko balio duenean. Bi gidalerro horiek, ko-eraikuntza eta inpaktu soziala, gero eta zabalduagoak daude ikerkuntzan. Horizon Europe programaren lehentasunen artean daude, esate baterako, eta Horizon Europe da Europako Batasunean dagoen ikerkuntza programa garrantzitsuena.

Bide horretan, zientziaren komunikazio inklusiboa funtsezkoa da. Hiritarren partaidetza ezinbestekoa da, baita ezagutza zientifikoaren hedapenean ere. Eta hiritarren partaidetza ez da bakarrik unibertsitateko ikasketak dituztenek parte hartzea, jende guzti-guztiarena baizik, partehartzaileen ezaugarriak edozein direlarik ere. Hainbat analisi-diagnostiko egin dira bazterkeria sufritzen duten zenbait talderi buruz, baina ez dirudi analisi horiek nahikoa direnik bazterkeria gainditzeko. Lehenetsi egin behar da inklusioa eraginkortasunez sustatzen duten ekintzen ikerketa.

FECYTek argitaratu berria duen liburuak ekarpen oso esanguratsua egin du bide horretan. Izenburua honakoa da: Hacia una comunicación inclusiva de la ciencia: Reflexiones y acciones de éxito (“Zientziaren komunikazio inklusiborantz: gogoetak eta ekintza arrakastatsuak”). Ezagutza zientifikoa komunikatzeko eredu eraginkorrak identifikatzen ditu. Existitzen diren eta egiten ari diren ekimenak azaltzen dituzte. Lau arlotako ekimen inlusiboak dituzte hizpide: emakumeekiko bazterkeria gainditzeko ekimenak, kultur eta gizarte bazterkeria sufritzen duten pertsonen inklusioa sustatzen duten ekimenak, ezgaitasunak dituztenen bazterkeria gainditzen duten ekimenak, eta LGTBI+ taldeen eta pertsonen inklusio bultzatzen duten ekimenak.

Eskubideak paperetan bakarrik gelditu ez daitezen, ekimen inklusiboak gauzatu behar ditugu, baita zientziaren eremuan ere.

Egilea: Harkaitz Zubiri