Aurreko astean argitaratu zenez, Eusko Legebiltzarrak aurrerapauso handia egin du indarkeria matxistaren aurkako borrokan. Onartutako araudi berrian, Istanbulgo akordioan jasotako kasu guztiak sartzeaz gain, eta, horrela, Estatuko legeria gainditzeaz gain (horrek, oraindik, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren arteko harremana soilik hartzen du ardatz), beste indarkeria mota batzuk gehitu dira, emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin amaitzeko funtsezkoak direnak. Hori da genero-indarkeria isolatzailearen kasua, eta hori txertatzeak ondorio garrantzitsuak ditu eremu guztietan, baita hezkuntza-eremuan ere. 

Ezin izango dugu onartu honelako esaldiak esatea: “ez sartu”, “haien kontua da”, “hori gertatzen zaizu behar ez duzun lekuan sartzeagatik”, “ez zaitez izan txibatoa”. Izan ere, hemendik aurrera, kasu hori protokolo eta kode etikoetan sartu beharko da, bai eta biktimak babesteko aurrerapausoa egiten dutenak babestu ere.

Ikerketa zientifikoak erakusten digunez, errepresaliekiko beldurra eta isolatuta geratzeko beldurra da indarkeria matxistaren biktimak ez babesteko faktore nagusietako bat. Horregatik, berebiziko garrantzia du babesa ematen dionari babesa ematea. 

Horrela, biktimek jakingo dute ez daudela bakarrik, gainerako kideei ere lagundu diezaieketela eta horiek ez dutela errepresaliarik jasango hori egiteagatik, edo, jasotzen badituzte, babestuta egongo direla, komunitate osoa inplikatuko baita hori gertatzean.

Aurrerapen horrek emakume guztiei eragiten die, bai etapa guztietako ikasleei, unibertsitatea barne, bai irakasleei, klaustroen barruan edo prestakuntza-jarduera profesionalaren beste edozein testuingurutan. Ildo horretan, irakasleen elkarte batzuk beren protokolo eta kode etikoetan genero-indarkeria isolatzailea sartzen hasi dira, Adarra Pedagogi Erakundearen kasuan bezala.

Guztion artean lortu behar dugu biktima babesteko esku hartzeko jarrera ohikoa izatea, eta oso gaizki geratzea, bai indarkeria erabiltzen dutenek, bai beste alde batera begiratzen dutenek.

Egilea: Mª Luisa Jaussi