Zailtasun ugariko testuinguruan kokatuta dagoen eskola batean lan egin badugu, edo horren berri izan badugu inoiz, zein dira etengabe azpimarratzen diren erronkak halako zonaldeetan hezkuntza-kalitatea bermatzeko? Zerrenda luze zein motza, ziur irakasleen errotazio handia aipatuko genukeela.
Izan ere, testuinguru txiroetako eskoletan lan egin nahi duten irakasleak ez dira oso ugariak. Hartara, auzo pobreetako eskolek irakasle berriak erakartzeko edo jada eskola horietan lan egiten dutenak mantentzeko zailtasunak dituzte historikoki. Aldi berean, hauxe ere bada halako eskoletan kalitatea bermatzea zailtzen duten faktoreetako bat: irakasleen errotazio handia. Gauzak horrela, Florida Unibertsitateko Christopher Redding ikertzaileak auzo horietan jaio eta hazi diren irakasleak bertako eskoletarako “fitxatzea” proposatzen du. Modu horretan, aniztasun kulturala eta auzoarekiko konpromisoa berma daitezke. Gainera, eskolaren auzoan bizi eta hezi diren irakasleen lanak eta dedikazioak, Redding-ek aurkezten dituen datuen arabera, inpaktu positiboa dute ikasleen errendimendu akademikoan. Antza, lekuan lekuko hezkuntza sistema ezagutzeaz aparte, komunitate bera ezagutzea eta bertan parte hartzen duten agente guztien mapa osoa izatea garrantzitsua da auzo jakin bateko eskolan lan egitea hautatzeko eta bertan geratu nahi izateko.
Laburbilduz, ikerketa horrek zailtasun larriak dituzten auzoetan jaio eta hazi diren irakasleen potentziala aprobetxatzea iradokitzen du, bertako eskoletan lan egiteko erabakiari eta bertan geratzeko joerari laguntzeko estrategia gisa erabiliz, ikasleen maila akademikoa hobetzeko.