Hezkuntzaren eremuan maiz esaten da sormena sustatzea funtsezkoa dela. Aldarri horrek zer esan nahi duen eta nola lortu daitekeen zehaztea argigarria izan liteke. Izan ere, sormena sustatzea ez da besterik gabe ikasleari bururatzen zaiona egiteko eskatzea. Hainbat eremutan ikertu da sormena: artean, ikerketa zientifikoan, eta lan munduan, besteak beste. Barbara Rogoff-ek ere izan zuen ikergai sormena Apprenticeship in Thinking. Cognitive Development in Social Context (Pentsatzen ikasten. Garapen kognitiboa testuinguru sozialetan) liburuan.

Bi gako nabarmentzen ditu. Batetik, sormena ez da ezerezetik loratzen. Existitzen den ezagutzaren berformulazioa da sormena. Gizartea etengabe aldatzen ari da, eta hori egiteko, existitzen den ezagutza modu berritzaileetan konbinatzen du, lehen existitzen ez ziren emaitzak lortzeko. Beraz, ezaguna zaigunetik berritasunera doa sormena. Ondorioz, sormena sustatu ahal izateko, ezinbestekoa da ezagutza sustatzea. Literatur sormena fundamentuz sustatu nahi duenak ezinbestean aukera eman behar die ikasleei literatura onena ezagutzeko. Artelanak fundamentuz sustatu nahi dituenak sekulako gozatua hartuko du artelanik onenak ezagutzen eta ezagutarazten dituenean.

Beste gako bat ere nabarmentzen du Rogoffek: norbanakoen sormena beti garatzen da komunitate baten testuinguruan. Norbanakoen arteko interakzioa funtsezkoa da sormena sustatzeko. Interakzioak aurrez aurrekoak izan daitezke, margolari inpresionistek osatu zuten lagunartean gertatu zen moduan. Baina, Rogoffek dioenez, interakzio hori fisikoki oso urrunekoa izan daiteke, adibidez Berpizkundeko Michelangelo eskultore eta margolari ospetsuak eskultura klasikoa aztertu zuenean bezala.

Obrarik onenekin loturak eraikitzen direnean, orduan bai, sormena benetan sustatzen ari gara. Norberak bere kasa ikusiko ez lukeena ikusteko balio du horrek. Argiago, sakonago eta urrunago ikusi daiteke. Sormenaren ezinbesteko osagaiak dira. Erraldoien sorbalda gainean sustatzen da sormena.

Egilea: Harkaitz Zubiri