Jakin badakigu lagunak izatea garrantzitsua dela, baina haurtzaroan egiten ditugunek noiz arte irauten dute? Eta, gurasoek izan al dute eraginik lagun horiek mantentzeko? Galdera horiei erantzuteko, Daniel J. Dickson, Melissa Huey, Brett Laursen, Noona Kiuru eta Jari-Erik Nurmi ikertzaileek 1523 haur finlandiar aztertu zituzten 2018an. Zehazki, haur horiek lehen hezkuntzan egin zituzten lagunak mantentzen zituzten ala ez ikusi nahi izan zuten, eta, horrekin batera, ea gurasoak zein puntutaraino izan daitezken lagungarriak harreman horiek mantentzeko/sendotzeko edo apurtzeko.
Hori aztertzeko, ikertzaileek gurasoen “parenting” estiloa jaso zuten, bai eta euren osasun mentalarekin loturiko zenbait aspektu ere. Hartara, lehen hezkuntzako lehenengo mailan, haurrei galdetu zieten ea nor ziren haien lagunak (lagun minak, lagun ohiak) eta nor ez, eta, bost urteren ondoren (haurrak lehen hezkuntzako seigarren mailan zeudela), gauza bera galdegin zieten.
Datu horiek, gurasoen estiloak eta osasun mentalaren datuak lotu ondoren, ikertzaileek ikusi zuten haurren arteko laguntasun-harremanak apurtzen zituen ezaugarri bat gurasoen kontrol psikologikoa zela. Gainera, lehen hezkuntzako lehenengo mailan egiten ziren lagunen % 10 baino ez ziren seigarren mailara iristen. Zalantzarik gabe, arlo horretan gehiago ikertu beharra dago, oraindik ez baitakigu eskola-mailan zer egin dezakegun haurren arteko harreman positiboak sustatzeko eta horiek denboran zehar mantentzeko.
Egilea: Andrea Khalfaoui