Michel Foucault-ek pedrastia eta bortxaketa defendatu zituen. Publikoki eskatu zuen pedrastiaren aurkako neurriak legeditik kentzea. Eskaera publiko horien sinatzaileen artean zeuden Simone de Beauvoir, Jean-Paul Sartre eta Jacques Derrida, besteak beste. Foucaulten Histoire de la sexualité (gaztelaniaz, Historia de la sexualidad; ingelesez, The History of Sexuality) irakurtzen duenak ikusiko du Foucaultek zalantzarik gabe defendatzen zuela pedrastia, eta kritikatu egiten zuela pedrasten aurkako neurriak hartzea. Liburu horretan Foucaultek adierazten du plazera beti dominazioan oinarritua dagoela.

Unibertsitateetan maiz izkutatu da errealitate hori. Bitartean, Akademiako zenbait kidek hainbatetan publikoki adierazi dute Foucaultek pedrastia eta bortxaketa defendatu zituela. Ramón Flecha adibide garbia da: aspaldidanik ari da hori publikoki salatzen. Baina fakultate askotan ez zieten horren berri eman ikasleei. Are gehiago, gaur egun oraindik izkutatu egiten dute zenbaitek. Eta hori guztia gutxi balitz, Foucault miresten jarraitzen dute zenbaitek.

Berriki argitaratu den artikulu zientifiko batek arazo hori izan du aztergai. Artikuluaren izenburua honakoa da: Promoting Admiration of Foucault Hiding his Defense of Rape and Pederasty (“Foucaultekiko miresmena sustatzen, bortxaketa eta pedrastia defendatu zituela izkutatuz). Hemeretzi lagunen lekukotza jaso du ikerketak. Espainiako estatuan, Brasilen, Txilen eta AEBetan 10 unibertsitatetan izan zituzten esperientziak aztertu dituzte.

Foucaultekiko miresmenaren zergatia analizatu du ikerketak. Hainbat elkarrizketaturen arabera, Foucault publikoki miresteak “intelektual” itxura errazten zuen. Goitik hitz egitea errazten zuen. Era berean, Foucault miresteak zenbait girotan onartua izatea ahalbidetzen zuen. Eta zenbaitek aitzakia bezala erabiltzen zuten, onartezinak ziren jokabideak zuritzeko, baita jokabide horiek praktikara eramateko ere; adibidez, jazarpen sexualerako, edo egiten zutenen konplize izateko, edo lekuko zirenean, beste alde batera begiratzeko.

Foucaulten oinarrituz gero, guztia da erlatiboa. Foucaulten ikuspegitik, gizakion ekintza guztiak boterean oinarrituta daude. Foucault-en arabera, etika oro boterean oinarrituta dago, eta zientziak ez du egia islatzen, boterea baizik. Foucaultek dioenez, gizabanakoek ez dute ekintza askatzaileak egiteko paradarik, ekintza oro boterearen menpekoa delako.

Zorionez, hainbatek izan dute aukera Foucaultek dakarrenari aurre egiteko. Foucault oso atzerakoia da. Guztia balitz erlatiboa eta boterekeria, ezingo genuke justifikatu zergatik den bortxaketa bat onartezina. Ezingo genuke ezer egin jendearen bizitzak hobetzeko.

Modaren menpe erortzeko arriskua ezin da gutxietsi. Bestelako bermerik gabe modakoak diren egileak eta iritziak sinesten ditugunean eta erabiltzen ditugunean, hanka-sartze handiak egingo ditugu. Berri oso ona da Foucault nor zen agerian uztea, eta informazio hori jende guztiaren eskura jartzea.

Egilea: Harkaitz Zubiri