Nola sustatzen da ikasleen motibazioa? Duela gutxi kaleratu den artikulu batean horixe izan dute ikergai. Artikuluaren izenburua honako hau da: Pathways to Student Motivation: A Meta-Analysis of Antecedents of Autonomous and Controlled Motivations (“Ikasleen motibaziorako bideak: motibazio autonomo eta kontrolatuen aurrekarien metaanalisia”). Hezkuntza-arloko ikerkuntzaren rankinean lehenengo aldizkari zientifikoa da Review of Educational Research, eta, hain zuzen, bertan argitaratu dute ikerketa hori. Metaanalisi batean oinarritu dute ikerketa: orotara, 79.079 partaide zituzten 144 lagin aztertu dituzte.

Ikasleen motibazioa sustatzeko faktore garrantzitsuena ikasleen konpetentzia da. Hau da, ikasleak motibatuta egotea nahi badugu, egin dezakegun onena ikasleen trebezia, egiteko gaitasuna, sustatzea da. Horren adibide bat da motibazioaren eta irakurtzeko gaitasunaren artean dagoen harremana: gakoa irakurtzeko gaitasuna sustatzea da, horrek piztuko baitu motibazioa. Ondo moldatzen diren ikasleek daukate motibazio handiena. Ikerketa horrek berretsi egiten du orain arteko ebidentzia zientifikoek adierazten dutena.

Horrez gain, beste hainbat jokabide ere mesedegarriak direla nabarmendu du ikerketak, eta horien artean funtsezkoa da parte-hartzea bultzatzea. Eskolan egiten denak familian egiten denak baino eragin handiagoa dauka ikasleen motibazioan, baina horrek ez du esan nahi familiak egiten duenak eraginik ez daukanik: komunitateko kide guztien ekarpenak berebiziko eragina du ikasleen motibazioan, baldin eta eskolaren eremuan egiten bada eta ikaskuntzara bideratuta badago.

Ikasleek ikastetxean dauzkaten harremanek ere funtsezko eragina dute ikasleen motibazioan. Emaitza horiek ere bat datoz ikerketak orain arte erakutsi duenarekin.

Horrenbestez, ikasleen motibazioa sustatzeko hiru zutabe identifikatu dituzte. Garrantzitsuena: ikasleen konpetentzia sustatzea. Eta, horrekin batera, oso lagungarriak dira ikasleen partaidetza ahalbidetzen duten ekinbideak eta ikasleen arteko harreman onak eraikitzen dituzten ekimenak.

Egilea: Harkaitz Zubiri