Jakina da eskola-mailan indarkeria arazo “ikusezin” eta larria dela askotan. Adin txikietatik, haur hezkuntzatik, hain zuzen ere, biolentzia “haurren gauza” balitz bezala mozorrotzen da askotan. Horren adibideak dira hozka egitea, ezezkoa emateko norbait bultzatzea, neskatoei soinekoak edo gonak igotzea, edo elkar musukatzera behartzea gatazka bat konpontze aldera. Hala, jakin badakigu genero-indarkeria adin txikietan ere gertatzen dela, eta eskola-mailako biolentzien oinarri dela. Baina, nahiz eta ikerketek genero-indarkeria haur hezkuntzako geletan gertatu egiten dela agerian utzi, irakasleek hura identifikatzeko arazoak dituztela dirudi.
Gauzak horrela, CHILDPRO proiektua arazo larri horri irtenbidea emateko hasi da aurten. Estatu-mailan aurrera eramango den ikerketa horretan, genero-indarkeria adin txikietatik prebenitzeko hezkuntza-baliabideak identifikatu eta sistematizatuko dira hurrengo hiru urteetan. Deustuko Unibertsitatetik koordinatuko da, Rocío García-Carrión ikertzailearen zuzendaritzapean. Egunkari honetan argitaratu diren beste artikulu batzuen oinarrian daude García-Carrión-ek zuzendutako beste bi ikerketak (IMP-EXIT eta INTER-ACT, hain zuzen ere); beraz, eskoletako errealitatea eta nazioarteko ikerketa komunitatea erabat uztartzen dituen esperientzia CHILDPROren arrakastaren aitzindari da.
Adin txikietatik genero-indarkeria prebenitzeko gakoak ezagutu eta eskoletan aurrera eraman ahalko ditugu laster proiektu horri esker. Azken berriak ezagutzeko, egin zaitez proiektuaren Twitter kontuaren jarraitzaile: https://twitter.com/deustoCHILDPRO
Egilea: Kaiera