Jakina da aniztasun handiagoko testuinguruek erronka sakonak planteatzen dituztela. Kalitatezko hezkuntza denen esku jartzea nazioarteko lehentasuna da, edozein adinetako pertsona orok izan behar baitu hezkuntzarako eskubidea. Zoritxarrez, hezkuntza-premia bereziak (HPB) dituzten ikasleek ez dute aukera-berdintasunean oinarritzen den hezkuntza jasotzen. Hartara, eta ebidentzia zientifikoak denen zerbitzura jartzeko asmoz, INTER-ACT proiektuak estatuko hainbat eskolatan Solasaldi Literario Dialogikoak eta Talde Elkarreragileak HPBak dituzten haurrekin aztertu ditu. Proiektua ez da soilik azterketan zentratu, baizik eta emaitza hobeak lortzen ari diren HPBko testuinguruetatik arrakastarako gakoak identifikatu ditu testuinguru berrietan aurrera eramateko.    

Proiektua haur, irakasle eta familien ahots, nahi eta lehentasunetan oinarritu da, eta hobekuntza sakonagoak sortarazi dituzten ebidentzia zientifikoak eskaini ditu. Lortutako emaitzak zabalki argitaratu dira, gizarte osoaren eskura jartzeko. Halaber, Solasaldi Literario Dialogikoak eta Talde Elkarreragileak edozein eskola edota gelatan behar diren bezala aurrera eramateko Gida bat argitaratu du proiektuak. Dohainik deskargatu daitekeen gida horren helburua irakasleriari proiektuaren emaitzak zabaltzea da, bai eta, nahi izanez gero, haien gelan Hezkuntza Jarduera Arrakastatsu horiek aurrera eramateko pausoz pausoko azalpena ematea ere. Ebidentziek zabalki demostratu duten bezala, HPBak dituzten ikasleek gehiago ikasten dute, bai eta HPBak ez dituzten ikasleek ere. Beraz, kalitatezko hezkuntza denon eskura jartzeko baliabidea dugu INTER-ACT proiektuak eskaintzen digun gida.

Hala, nola eraman ditzakegu aurrera Talde Elkarreragileak eta Solasaldi Literario Dialogikoak HPBak dituzten ikasleekin? Gidak 10 estrategia ematen ditu:

  1. Talde Elkarreragileak eta Solasaldi Literario Dialogikoak aniztasunari erantzuten dioten jardueratzat izatea. Pentsa dezagun nola sustatu HPBak dituzten ikasleen parte-hartzea jarduera horiek aprobetxatzeko.
  2. Dibertsitatea aprobetxatu, desgaitasunak dakarrena ere bai. Aniztasuna ikaskuntzaren iturria da.
  3. Ikasleen arteko kalitatezko elkarrekintzak sustatu.
  4. Boluntarioen laguntza erabili elkarrekintzak eta inklusioa bermatzeko.
  5. Jarduerak edo materialak berregituratu guztiek parte har dezaten, betiere itxaropen handiak mantenduz.
  6. Ikaskuntza dialogikoaren printzipioak mantendu.
  7. Irakasleen arteko koordinazioa bultzatu.
  8. Familien eta komunitatearen parte-hartzea indartu.
  9. Bi Jarduera Arrakastatsu horiek ikastetxeko testuinguru inklusiboaren barnean ezarri.
  10. Irakasleen formakuntza dialogikoan eta ebidentzia zientifikoetan oinarritu.