IYOLTEMIKLE hitzak, nahuatl hizkuntzan, “bihotzeko ametsak” esan nahi du, eta Mexikoko “La Puebla” eskualdeko irakasle eta familiek halaxe izendatu dute beren solasaldi dialogikoa. Bertako eskolak ikas komunitate bihurtu ziren 2017-2018 ikasturtean, eta bertako komisioak adostu zuen mintegia haurren, familien eta irakasleen ametsen lekua izango zela, non urteetan isilpean egon diren nahuatl biztanleen ahotsak azkenean entzungo ziren.
Gauzak horrela, 2019ko ekainaren 20an, 50 lagunetik gora bildu ziren, mintegia egiteko. Amaitutakoan, eskolen transformaziorako beharrezkoak ziren ametsak partekatu eta jaso zituzten, alaitasunezko giroan. Gainera, amets horiek errealitate bihurtzeko ardura izango zuten komisioak ere sortu ziren. Izan ere, mintegia denen arteko elkarrekintzarako espazioa da, non irakasleek zein familiek apurka-apurka elkar ezagutuko duten eta ezagutza kulturala balioetsiko den.
Munduko beste puntatik, Euskal Herritik, alegia, irrikaz gaude esperientzia horrek nola jarraitu duen jakiteko. Hemen ere baditugu hezkuntzari loturiko ametsak, eta nahuatl-ak bezala, isilpean egon dira kasu askotan.
Egilea: Andrea Khalfaoui