Alfabetatzea ezinbesteko hezkuntza-premia da, oinarrizkoa baita garapen pertsonal zein sozial egokirako. Hezkuntza-berdintasunerako baldintza bat da, eta pertsonek egungo gizartean dituzten aukerak hobetzen ditu (Katims, 2000; Lonsdade eta McCurry,2004). Hori dela eta, ikasle guztiei alfabetatzearen ikaskuntza eraginkorra bermatuko dieten eta hezkuntza-taldeen errendimendu-arraila murriztuko duten hezkuntza-ekintzak behar dira. Zehazki, desgaitasuna duten pertsonek zailtasun bereziak dituzte gizartean onartutako oinarrizko alfabetatze-gaitasunak eskuratzeko (Morgan et al., 2011)

Beraz, desgaitasuna duten ikasleen ikaskuntza-aukeren kalitatea eta lortutako ikaskuntza-maila hobetzea gainditu gabeko erronka da. Erronka hori bereziki garrantzitsua da eskola berezien testuinguruetan, besteekiko interakzioetatik eratorritako aukerak mugatuak baitira. Haatik, ikasle horiei ikaskuntza instrumental nahikoa eskaintzea (alfabetatzea, adibidez) eta komunikazio- eta arrazoiketa-trebetasunak ematea funtsezkoa da haien ondorengo hezkuntza- eta gizarte-aukeretarako. 

Hori horrela, Fernández-Villardón, Valls-Carol, Melgar Alcantud eta Tellado (2021) emakume ikertzaileek argitaratu berri duten Enchancing Literacy and Communicative Skills of Students With Disabilities in Special Schools Through Dialogic Literary Gatherings artikuluan gai hori jorratzen zein aztertzen dute. 

Gauzak horrela, ikertzaileek, kasu-azterketa oinarri, hezkuntza bereziko eskola bat aztertzen dute. Bertan, Tertulia Literario Dialogikoen bitartez literatura klasikoak lantzen dituzte, irakurketaren eta eztabaidaren inguruan ikaskuntza-interakzioak areagotzeko. 

Azterlana egiteko, tresna gisa elkarrizketa erdiegituratuak zein talde-eztabaidak erabili zituzten. Honako hauek izan ziren azterlanean atera zituzten ondorio nagusiak, besteak beste: 

  • Emaitzek erakusten dute ikasleek parte hartzeko eta ikasteko aukera izan zutela Solasaldi Literario Dialogikoen bitartez. 

  • Ikaskuntza instrumentalari dagokionez, ikasleek irakurketarako motibazioa areagotu zuten eta komunikatzeko zein arrazoitzeko trebetasunak eta irakurtzeko gaitasuna hobetu zituzten. 

  • Ikasleen portaerari dagokionez, gatazkak murriztu ziren, elkartasunezko jarrerak areagotu ziren eta dialogo- eta argudio-ohiturak eskuratu zituzten. 

  • Maila emozionalean, ikasleek autoestimua eta konfiantza irabazi zuten, eta euren ahotsa entzunarazteko ahaldunduago sentitzen dira. 

Amaitzeko, esan behar da lau emakume horiek egindako ikerketa oinarria izan daitekeela etorkizuneko ikerketetarako. Izan ere, ikerketa gehiago behar dira desgaitasunak dituzten ikasleengan TLDek duten eragina aztertzeko, bai hezkuntza bereziko testuinguruan, bai ingurune inklusiboetan, eta haien transferigarritasuna eskola berrietara zabaltzeko, ikasle horiek merezi duten hezkuntza-esperientzia eta errendimendua hobetzeko. 

Egilea: Ane Olmedillo Berasategi