Guadalajara hirian dagoen Juan Gil Preciado eskola 2019-2020 ikasturtean Ikas Komunitate bihurtzeko lanetan hasi zen. Zoritxarrez, Covid-19ak eragindako pandemia dela medio, konfinamendua hasi zen. Hala ere, oztopoak egon arren, eskolaren ametsa ez zen bertan behera utzi. 

Comunidades de Aprendizaje webgunean kontatu dutenez, erronka handienetako bat eraldaketa sozialerako proiektu hori mantentzea izan da. Hala, berdintasunezko elkarrizketaren bitartez, irakasle, zuzendari, familia eta ikasleen arteko akordioak bilatu zituzten. Hezkuntza-jarduera arrakastatsuak ere aurrera eramatea lortu zuten, horien kalitatea, maiztasuna eta intentsitatea mantenduz.

Nahiz eta aurretik hezkuntza-jarduera arrakastatsuekin hasi ziren, konfinamendu-garaiak aukera eman zien beste batzuk online egiteko, hala nola tertulia pedagogiko dialogikoak edo tertulia literario dialogikoak. Gainera, familiekin harremana mantentzeko, bileretara konektatzeko erremintak nola erabili erakutsi zieten tutorialen bidez, eta 347 gurasorekin kontaktuan mantentzea lortu zuten. Are gehiago, gurasoen formakuntza birtuala aurrera eraman zuten. Hala, zailtasunak aukera bihurtu zituzten egoera zail horietan.