Argitalpen honetako hainbat artikulutan jada ikusi da garrantzitsua dela irakasleek jarrera argia izatea jazarpenaren aurrean. Hori dela eta, funtsezkoa izan daiteke irakasleek arazo horren aurrean duten ikuspegia jakitea. Teachers’ Perceptions of Bullying: A Focus Group ikerketak gai horretan sakondu zuen.
Ikerketan parte hartu zuten irakasleek erasotzaileek horrela jokatzearen arrazoia kanpoko eta barneko faktoreei egotzi zieten, eta lehenengoak nagusitu ziren. Eta barne-faktoreez hitz egiten zutenean, segurtasunik ezari, autoestimu baxuari eta kontrol-zailtasunei egozten zieten. Pertzepzio horrek ez zuen laguntzen jazarpenari aurre egiteko. Alde batetik, nolabait, erasotzailearen erantzukizuna murrizten zuen, eta kontraesanean dago ebidentzia zientifikoekin; azken horrek, hain zuzen, dagoeneko argi utzi du jazarle asko “popularrak” direla eta ez dutela inolako autoestimu-arazorik. Egia da haur oldarkor batzuek zailtasunak dituztela beren oldarkortasuna kontrolatzeko eta autoestimu txikia dutela, baina horiek ez dira “popularrak”, eta gehienak ez dira jazarleak izaten. Beste aldetik, pertzepzio horrek zailtzen zuen identifikatzea ikasle jazarleek erasoa estatus soziala irabazteko eta mantentzeko erabiltzen dutela, eta, oker, autoestimua eta autoerregulazio-trebetasunak garatzen laguntzeko beharra planteatzen zuten.
Aitzitik, irakasleek, biktimen kasuan, arrisku-faktoretzat jotzen zituzten nortasun-faktoreak, kanpoko faktoreak baino gehiago. Ildo horretan, biktimaren ezaugarri pertsonaltzat, besteak beste, honako hauek identifikatzen zituzten: segurtasunik eza, inpultsibotasuna/emozio-gaitasun handia, konektibitate sozialik eza edo isolamendu, adimen altua/baxua, nortasun-desberdintasunak, eta itxuran/desberdintasun fisikoetan oinarritutako faktoreak.
Irakasleek, oro har, biktimizazioagatik ardura handiagoa ematen zieten biktimei erasotzaileei baino, eta espero zuten biktimek modu egokian erantzutea. Adibidez, irakasle batzuek planteatzen zuten biktimek erasotzaileari modu egokian aurre egiten ikasi behar dutela, eta horrek umorea barne har dezakeela, nahiz eta jakin gazte guztiak ez direla gai umorea modu eraginkorrean erabiltzeko; edo lagunak bilatu behar dituztela, kontutan hartu barik jazarleen estrategietako bat horiek bakartzea dela.
Ikertzaileen arabera, irakasle asko beldur izan daitezke ikasle oldarkorrek gelako dinamikan izango duten eraginagatik; biktimek, aldiz, dinamika horretan eragiteko aukera gutxiago dutela uste dute. Eskuduntza desberdin horiek biktimei errua eta ardura botatzen lagundu dezakete, eta horrela irakasleek ez diote erasoari aurre egin behar, bereziki erasoa fisikoa ez bada. Ildo horretatik, beste ikerketa batzuek faktore posible gehiago aurkitu dituzte, hala nola indarkeriazko pertsonenganako erakarpen soziala; edo, biktimak defendatzen saiatuz gero, errepresalien beldurraz hitz egiten duten beste ikerketa batzuekin.
Emaitza horiek agerian uzten zuten ikastetxe askok zaila dutela biktimizazioari erantzun egokia ematea; izan ere, badira zenbait estrategia irakasle batzuek eraginkortzat jotzen zituztenak, eta beste batzuek eragingabetzat. Hori dela eta, ikerketak planteatzen duen funtsezko ondorioetako bat da irakasleen ulermena eta prestakuntza areagotu behar dela estrategia eraginkorrak sustatzeko, esku-hartze indibidualak gainditzeko.
Zorionez, gaur egun, ebidentzia zientifikoei esker, estrategia eraginkor asko ezaguten ditugu eskolak gune seguru bihurtzeko: jazarleengan fokua, arreta eta erakargarritasuna kentzen eta biktimengan jartzen dituztenak; haientzako laguntza eta lekukoen esku-hartzea eta babesa bultzatzen dituztenak; eta biktimak ahalduntzeko laguntza-sareak eta adiskidetasun-sareak sortzen dituztenak.
Egilea: MªLuisa Jaussi