Azken hamarkadetan hainbat egitasmo garatu dira ikasleen alfabetatze maila indartzeko. Irakurtzen eta idazten ondo ikastea funtsezkoa da. Bizitzak aldatzen ditu. Beraz, alfabetatzea eraginkortasunez nola sustatu daitekeen jakitea ezinbestekoa da.
Alfabetatzera bideratutako egitasmoetatik hainbat zuzendu dituzte familien trebakuntzara. Helburua, etxeko alfabetatze-esperientzien maiztasuna eta kalitatea sustatzea da. Ekimen horien oinarrian ideia bat dago: zenbait familiek bakarka ezin diete beren haurrei laguntza nahikoa eman, ezagutza edo baliabide nahikoa ez dutelako, baina familia horiek trebakuntza jasotzen badute, gai dira beren haurren alfabetatzea eraginkortasunez sustatzeko.
Duela egun gutxi argitaratu duten artikuluan, gai hori dute aztergai Rotterdam-eko Unibertsitateko Suzzanne Fikrat-Wevers, Roel van Steensel eta Lidia Arends ikertzaileek. Goi mailako aldizkari batean argitaratu dute, hain zuzen AERA (American Educational Research Association) elkarteak argitaratzen duen Review of Educational Research aldizkarian. Meta-analisi bat da, hau da, orain arte urtetan egindako ikerketak aztertu dituzte: guztira, 48 ikerketa analizatu dituzte, eta 42 egitasmo izan dituzte aztergai. Maila sozio-ekonomiko apaleko familiei buruzko ikerketak bakarrik analizatu dituzte. Halaber, 0-6 urte arteko haurren alfabetatze maila soilik izan dute ikergai.
Emaitzek oso garbi nabarmentzen dute familiei zuzendutako alfabetatze egitasmoek mesede handia egiten diela haurren alfabetatze mailari, batez ere alfabetatze egitasmoak ondo zehaztuta daudenean eta helburu zehatz bati ondo lotzen zaizkionean. Emaitzen artean ere nabarmentzeko modukoa da irakurketa partekatura bideratutako trebakuntza oso onuragarria dela, batez ere maila sozio-ekonomiko-kultural apaleko familientzat. Aurretik egin ziren zenbait ikerketek ez zuten fenomeno hori hain garbi identifikatu ahal izan, baina ikerketa honetan, ordea, zorroztasun handiagoarekin aukeratu dituzte ikerketa irizpideak eta, horri esker, irakurketa partekatura bideratutako trebakuntzak eragiten duen mesedea argi identifikatu ahal izan dute.
Gure ardurapean dauden ikasle guztiek alfabetatze maila egokia ez badute, ikerketa zientifikoak eskaintzen digun ezagutzan oinarritu gaitezke arazoak gainditzeko. Hori eginez gero, haur guztien alfabetatze-maila aproposa izango dela bermatu ahal izango dugu. Familien trebakuntza da har dezakegun neurri horietako bat. Oso eraginkorra da.
Egilea: Harkaitz Zubiri