Sexu-jazarpena prebenitzeko, funtsezkoa da Bigarren Mailako Sexu Jazarpena (SOSH, Second Order Sexual Harassment) amaitzea. Sexu-jazarpena eta genero-indarkeria lantzeko lan egiten duten programa gehienetan, funtsezko elementutzat hartzen dute lekukoen parte-hartzea, hau da, biktimaren ondoan aktiboki agertzea. Hala ere, jarrera hori hartzea gehien eragozten duen alderdietako bat errepresaliak jasateko beldurra da, Ramón Flechak sarbide irekian argitaratutako artikuluan jasotzen den bezala. Horregatik da hain garrantzitsua, ez bakarrik biktimak defendatzea, baita babesten duena babestea ere. 

Genero-indarkeriaren arloan goi-mailako aldizkaria den Violence Against Women aldizkariak argitaratu duen ikerketa honetan, sei kasu aurkezten dira: bigarren mailako sexu-jazarpena jasan duten lau emakumerenak eta bi gizonenak (SOSH, ingelesezko siglengatik), genero-indarkeriaren biktima bati laguntzeko jarrera argia hartzeagatik, gertakariak geldiarazi nahian. Sei kasu horien artean aniztasuna dago: institutuko irakasle bat, eskolako beste bat, ikertzaile bat, senide bat, alderdi politikoko kide bat eta erakunde bateko langile bat. Denek bizi izan zuten SOSHren esperientzia, gutxienez urtebetez. Sei istorio horien bidez, SOSHren ezaugarriak definitzen dira, eta indarkeria mota horri aurre egiten ikasteko funtsezko elementuak ematen dira. Ezaugarrien artean, nabarmentzekoa da jazarleek gehienetan SOSH egin zutela, biktimen ospe pertsonala eta profesionala zikintzera eta haien sinesgarritasuna ahultzera bideratutako umiliazio, mehatxu eta gezurren bidez. Aztertutako kasu batean bakarrik erabili zen indarkeria fisikoa, indarkeria psikologikoaz gain. Giltzarrien artean honako hauek nabarmentzen dira: biktimak babesten dituzten gizabanakoentzako segurtasun-estrategiak lantzea, SOSHri ere helduko dioten elkartasun-sareak sustatzea eta jazarpen mota horri aurre egingo dioten politika instituzionalak ziurtatzea; horiek guztiak komunitateak biktimei laguntzeko duen konpromisoaren alde lan egitea bermatzen duten estrategiak dira.

Nahiz eta, artikuluak ere erakusten duen bezala, SOSHk ez duen oraindik aitorpen orokorrik izan, Katalunia lehena izan da mundu-mailan, bigarren mailako indarkeria sartu baitu genero-indarkeriari buruzko 5/2008 Legearen aldaketan. 5.4. artikuluan, bigarren mailako indarkeriatzat jotzen dute indarkeria fisiko edo psikologikoaren, errepresalien, umiliazioen eta indarkeria matxistaren biktimak babesten dituzten pertsonen aurkako jazarpena. Indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeen kasuan barne hartzen ditu prebentzioa, detekzioa, arreta eta osatzea eragozten duten ekintzak.

Horrelako legediak behar direnez, Adarra Erakundeak sinadurak biltzeko kanpaina bati ekin dio, Euskadin SOSH legea ezar dadin. Eskaeran adierazten dutenez:

“Gurean ere egin dadila eskatzen dugu. Hori dela eta, justizia sozialean aurrera egiteko, eskaera hau sina dezaten dei egiten diegu norbanakoei eta erakundeei, ikastetxeei, unibertsitateei, gizarte-erakundeei, udalei eta abarri.”