Pertsonok gizabanako sozialak garenez, harremanak ditugu elkarrekin etengabe. Harreman hori izateko, hizkuntza ezinbestekoa zaigu, ideiak partekatzeko, eztabaidatzeko edo ikasteko, alegia. Aldi berean, gizarteko kideok jatorri desberdineko hainbat kulturarekin elkarbizi gara, eta horrek ere hainbat hizkuntzarekin elkarbizitzea dakar. Hori dela eta, ikastetxeek hizkuntza bat baino gehiago ikasteko aukera ematen dute eredu elebidun edo eleaniztunaren alde egiten dutenean. Horren bidez, ikasleek bigarren hizkuntza bat ikasteko aukera dute.

Hala ere, azken urteotan zenbait herrialdetan hainbat eztabaida egon dira ikasleei bigarren hizkuntza irakasteko metodologiei dagokienez. Lankidetzan oinarrituriko metodologiek indar handia hartu dute indibidualismoa eta lehiakortasuna sustatzen duten metodologien aurrean. Izan ere, Impacts of dyadic interaction on second language writing: A study with eight bilingual primary school students in Singapore artikuluak eztabaida horren inguruan diharduen ikerketa baten emaitzak azaltzen ditu. Ikerketaren helburua elkarrekintza diadikoaren metodoak ikasleen ingelesez idazteko gaitasunean norainoko eragina duen aztertzea da. Elkarrekintza diadikoak edo bikote bidezko elkarrekintza deituriko metodoak lankidetza du oinarri. Metodo horren bidez, ikasleak bikoteka batzen dira elkarrekin ikasteko asmoz, hau da, jakintza bi ikasleren arteko hartu-emanen bidez garatzen da.

Ikertzaileek Singapur hiriburuko Lehen Hezkuntzako ikastetxe bateko zortzi ikasle hartu dituzte lagin moduan. Datuak eskuratu ahal izateko, ikertzaileek bi fokuri eman diete garrantzi berezia: elkarrekintza diadikoan zehar izan den prozesua eta ikasleek frogetan eskuratu dituzten azken emaitzak. Alde batetik, prozesua aztertzeko, idazketa kolaboratibo deritzon lau saio bideratu dira. Idazketa kolaboratiboan bikoteek zenbait gairen inguruko idazlanak egin dituzte batera. Bestetik, azken emaitzetan hobekuntzarik edo aldaketarik izan den aztertzeko, ikasleek ikerketaren hasieran eta bukaeran banaka idatzi dituzten idazlanak alderatu dira. Gainera, behin frogak amaituta, bizitako esperientziari eta bikotekidearekin izan dituzten elkarrekintzei buruz hitz egiteko elkarrizketa indibidual bat egin dute.

Lan horren emaitzak aztertu ostean, bi ondorio nagusi atera daitezke. Hasteko, hasierako eta amaierako frogak alderatzen direnean, esan daiteke elkarrekintza diadikoaren eragina esanguratsua izan dela ikasle guztien artean. Bikoteen arteko elkarrekintza izan ondoren, amaieran idatzitako idazlanean hobekuntzak egon dira edukien, egituraren eta lengoaiaren aldetik. Bestetik, elkarlanean aritzeko metodologiarekiko jarrera baikorra izateak eragin nabaria izan du bigarren hizkuntza ikasteari dagokionez. Bikoteka lan egitean, bien ideiek eta proposamenek berdin balio izan dute, eta sortzen diren eztabaidek ikasleen hausnarketa bultzatu dute; elkarren artean sortutako adostasunera iritsi behar zuten.

Etorkizuneko lanei begira, ikerketa bideratu duten espezialistek interesgarri ikusten dute luzerako ebaluazio bat egitea, hots, lankidetza metodoen bidez ikasleek bigarren hizkuntzan eskuratu duten jakintza barneratzera iritsi diren aztertzea. Horrez gain, ikasleen elkarrekintzetako hitzik gabeko komunikazioak eragin onuragarria izan du ikasleen ikaskuntza-prozesuan, baina lan gehiago egin beharko litzateke lotura sendoagoa ezartzeko.

Egilea: Iker Goya