Hizkuntza, erabili ahala ikasten da, erabilerak ahalbidetzen du ikaskuntza, praktikatzea da gakoa, eta, beraz, praktikatzeko benetako aukerak eskaintzea ezinbestekoa da. Baina hizkuntza kolaboratiboki erabiltzen dugunean, bestelako ikaskuntza batzuk ere sustatu ditzakegu. Izan ere, hizkuntza da bestelako ikaskuntzak lortzeko ezinbesteko euskarria. 

Hizkuntza, tresna bat da, tresna psikologiko bat, eta, tresna guztiek bezala, zeregina erraztu egiten digu. Mailuak bitarteko lana egiten du gure eta iltzearen artean, eta erraztu egiten digu iltzea sartzea. Hizkuntzak funtzio bera dauka: erraztu egiten digu hainbat zeregin egitea; hizkuntza erabili gabe askoz zailagoak edo ezinezkoak lirateke. Hizkuntzak, bestela ezinezkoa litzatekeena bideragarri bihurtzen du. Hizkuntzak elkarrekin pentsatzeko aukera ematen digu, eta, horri esker, lankidetzan lor daiteke bakarka erdietsi ezingo litzatekeena. Horixe analizatu zuten Torontoko Unibertsitateko Merrill Swain-ek eta Sharon Lapkin-ek mugarri bihurtu zen ikerketa batean. Ondorioztatu zuten ikaskuntza (linguistikoa eta kognitiboa) ez dela interakziotik kanpo edo interakzioaren ondoren gertatzen, interakzioan bertan baizik.

Emaitza hauek bat datoz aurretik eta ondoren egin diren hainbat ikerketekin. Donato-k, adibidez, garbi erakutsi zuen honakoa: ikasleek lankidetzan zuzen erabiltzen dituzten hizkuntza baliabideak, modu eraginkorrean ikasten dituztela: ikasleek elkarri ikasi zizkioten 32 hizkuntza baliabide identifikatu zituen Donatok aste batean, eta hurrengo astean ikasleek baliabide horien %75 ondo erabiltzen jarraitu zuten. Elkarren ikasketa prozesua aldamiatzeari esker, bakarka egin ezingo lituzketenak egiteko gai izan ziren, eta, gainera, erabilera berri horri eusteko ahalmena ere izan zuten. Jakob-ek eta bere kideek, berriz, honakoa erakutsi zuten: hizkuntzaren erabilera kolaboratiboak hainbat lan nabarmen errazten zituela: termino akademikoak eta instrukzioak dekodetzeko, ulertzeko, oso lagungarria da, ahoskera eta esanahia argitzeko baliagarria da, idazkeraren arauak fintzeko balio du, eta ikasleak egiten ari diren atazari ekarpenak egitea sustatzen du.

Hizkuntzaren erabilera kolaboratiboa sustatzen dugunean, beraz, ikaskuntza mota asko bultzatzen ari gara.

Egilea: Harkaitz Zubiri