Azken urteotan, arreta berezia ipini da komunikazioak ikasleen garapenean duen eraginean. Komunikazioak, hain zuzen ere, ikasleen ikaskuntzaprozesuan funtsezko eginkizuna hartu du, batez ere, lankidetzan oinarrituriko dinamiketan. Mintzamenak ikasleen pentsamendua suspertzeko, zabaltzeko eta haien ikaskuntza aurrera eramateko gaitasuna du. Irakasleek hori egiten dute ikasleak elkarrenganako elkarrizketetan parte hartzera bultzatzen dituztenean. Elkarrizketa horietan ikasleek informazioa trukatzen dute, gaiak aztertzen dituzte, ideiak galdetzen dituzte eta arazoak jorratzen dituzte lankidetzaingurunean. Era berean, ikasleek besteek esateko dutena entzuten, ikuspegi alternatiboak aintzat hartzen eta besteen ideietan modu kritiko eta eraikitzailean parte hartzen ikasten dute, baita elkarrekin lan egiten duten bitartean beren baieztapenak arrazoitzen eta justifikatzen ere.

Robyn M.Gillies ikertzaileak argitaratutako Dialogic interactions in the cooperative classroom artikuluak lankidetzametodologiaren eta irakaskuntza dialogikoaren arteko lotura ezartzen duen ikerketa baten emaitzak azaltzen ditu. Ikerketak bi helburu ditu. Lehena ikerketan parte hartzen duten irakasleek irakaskuntzan nola eragiten duten erakustea da, bereziki, ikasleen pentsamendua, arazoen ebazpena eta arrazoinamendua sustatzeko erabiltzen dituzten estimulazio jokabideetan arreta ipiniz. Bigarren helburua, aldiz, ikasleek arazo espezifikoen aurrean erabiltzen dituzten interakzio dialogikoen adibideak ematea da.

Ikerketa horretan hiru irakaslek eta lau ikasleko hamazazpi taldek hartu dute parte. Aukeraturiko hiru irakasleek aurreko ikerketa handiago batean parte hartu zuten, non irakaskuntzaren ikuspegi dialogikoa erabiltzeko gaitasunean prestatu ziren. Prestakuntza horretaz baliatuz, irakaskuntza dialogikoa lantzeko bi metodologia erabili dira azken ikerketa horretan: bi irakaslek ASK to THINK-TEL WHY metodoa erabili dute, eta hirugarrenak P4C (Haurrentzako Filosofia) metodoa. Lehen metodoak ikasleen arteko tutoretza-rolak nabarmentzen ditu, hau da, antzeko trebetasunak dituzten ikasleek elkarren tutore izateko txandak dituzte gertatzen diren eztabaidak elkarrekikoak eta elkarren mendekoak izan daitezen. Bigarren metodoak aukera ematen die ikasleei jasotzen duten informazioa zalantzatan jartzeko, suertatzen diren desadostasunak aztertzeko eta arrazoizko eta hausnartutako judizioak egiteko. Bi metodo horietan irakasleak ikasleen interakzioen bidelagun dira, hots, pentsamendua eta ikaskuntza sustatzen dituzten galderak edo iruzkinak egiten dituzte beharrezkotzat jotzen dituzten egoeretan soilik.

Metodo horiek aplikatu eta aztertu ostean, irakasle eta ikasleen interakzio dialogikoen arteko osagarritasun argia azaltzen da. Izan ere, irakasleek diseinatutako komunikazio-trebetasun espezifikoak erabiltzeko gaitasuna dutenean, ikasleen irakaskuntzan eragiteko aukera ahalbidetzen da. Aldi berean, ikasleen artean interdependentzia-egoera positiboa dagoenean, ikasleak lankidetzan aritzen direnean gertatzen den bezala, motibazio handiagoa dute lehiakortasuna sustatzen duten zereginetan edo banakako zereginak egiten dituztenean baino.

Lankidetza eta irakaskuntza dialogikoa batzean lortzen diren emaitzak aztertzen badira, zalantzarik gabe esan daiteke irakasleen eta ikaskideen hitzaldiak, ikasleen pentsamendua suspertzeko eta zabaltzeko gaitasunaz gain, ikasleen ikaskuntza areagotzeko gaitasuna duela. 

Egilea: Iker Goya