Hizkuntzak bakarka ikas daitezkeela sinesten dute askok. Helduei dagokienez, are errotuagoa dago uste hori. Ahalegin indibiduala dela gakoa. Jakina, inork ez du ukatuko gutako bakoitzak egin dezakeen ahaleginaren garrantzia, baina ikaskuntza aztertzen duen ikerketa zientifikoak ezinbesteko beste gako bat nabarmentzen du: interakzio soziala. Ping Li-k eta Hyeonjeong Jeong-ek orain dela hilabete gutxi argitaratu zuten gai horri buruzko artikulu bat Nature aldizkarian. Literatura zientifikoaren analisi bat da. Oso sendoa den ikerketa lerro bati ekarpena egin diote horrela.

Testuinguru sozio-kultural eraginkorretan parte hartzea ezinbestekoa da hizkuntza bat ondo ikasi ahal izateko. Ez da norbanakoaren kontua bakarrik. Interakzio komunikatiboetan parte hartzea funtsezkoa da. Elkarrekintza horietan, hizkuntzaren bitartez partekatzea izan behar da helburu. Egoerak hizkuntza erabiltzea eskatu, sustatu eta babestu behar du. Ez da erronka linguistikoa bakarrik. Erronka soziala da. Testuinguru sozio-kulturalak hauspotu behar du komunikazioa. Komunikazioa errazten duten osagaiak gailentzen direnean, hizkuntza-interakzioa asko errazten da, eta, ondorioz, baldintza egokiak sortzen dira bigarren hizkuntza errazago ikas dadin. Gero eta osagai lagungarri gehiago, gero eta eraginkorragoa izango da.

Burmuinaren ikerketak erakutsi duenaren arabera, bigarren hizkuntzak interakzio sozialaren bitartez ikasten direnean, ikaskuntza horrek lehenengo hizkuntzaren ikaskuntzarekiko antza handia dauka. Aldiz, bigarren hizkuntzak interakzio sozialik gabe ikasten direnean, hitz berriak beste era batera prozesatzen dira eta ikaskuntza ez da hain eraginkorra. Ez da umeen artean bakarrik gertatzen. Helduen artean ere burmuinaren neuroplastizitatea askoz handiagoa da bigarren hizkuntzak interakzio sozialaren bitartez ikasten direnean.

Lehenengo hizkuntzan hitzak ikasten direnean, burmuinaren baitan sare zabalagoa eta integratuagoa eraikitzen da; eta, aldiz, bigarren hizkuntzan hitzak ikasten direnean, ohikoa da burmuinaren baitan sare ez hain integratuak eraikitzea. Baina ahultasun hori gainditzeko modua badago bigarren hizkuntzetan. Testuinguru sozio-kultural egokietan ikastea da konponbidea, egoera komunikatiboa benetan mesedegarria izan dadin eta ahal bezain beste osagai komunikatibo integra daitezen prozesuan; ez bakarrik hizkuntza, baita komunikazioan parte hartzen duten bestelako osagaiak ere (gorputzaren bitartez hitzik gabe adierazten den komunikazioa adibidez). Horixe da hizkuntzaren burmuin soziala aktibatzea, hizkuntza ikasteko interakzio sozial egokiak sustatzea. Ikaskuntza eraginkorra sustatzeko bermea da.

Ikasgelarako jarduerak antolatzen ditugunean, irakasleok interakzio soziala sustatu behar dugu, eta interakzio horietan hizkuntza erabiltzea ezinbestekoa izan behar da. Baina ez irakasleak monopolizatzen duen interakzioa. Horren ordez, ikasleek ahalik eta partehartze handiena duten interakzioak dira aberasgarrienak.

Egilea: Harkaitz Zubiri